Madril, Espainia. Proposamen berezi bat egin die Madrilgo Euskal Etxeak, euskarazko eta euskal gaiei buruzko euren liburutegia handitu nahi dutenentzat. Uztailean zehar, ‘Liburu azoka’ berezi bat egingo du, eta eskuragarri ipiniko ditu, euro baten truke, bere liburutegiko hainbat liburu. Liburuzaleentzat aukera bikaina dela adierazi dute, eta bide batez beharrezko pauso bat elkartearentzat, Euskal Etxeak bere liburutegiaren inbentarioa berritu eta eguneratu ahal izateko.
Euskal Etxeko Euskaltegiak, bestalde, 2025-2026ko euskara kurtsoetan izena emateko epea ireki berria du uztailean. Eskolak irailaren 22an hasiko dira eta bi aukera eskainiko dira. Aurrez aurreko klaseak astelehen-asteazkenetan edo astearte-ostegunetan izango dira, lau ordu astean. Ordutegi zabala eskainiko da eta aurrez aurre parte hartu ezin dutenentzat Euskara Munduan plataforman oinarritutako urrutiko autoikaskuntza moduluetan izena emateko aukera ere indarrean da.
Argazkiak udan
Nobedadeen artean, bi ikastaro berezi eskainiko die Madrilgo Euskal Etxeko Euskaltegiak B2 eta C1 mailetako ikasleei: mintza (aurrez aurre) eta idazmena (hibridoa, aurrez aurre eta online) lantzeko. Ikastaro hauek astean behin izango dira, bi ordu. Ordutegia, maila jakiteko probak eta prezioak, hemen.
Euskal etxe maldrildarrak jakinarazi du, azkenik, hondar egun hauetan, eta urtero antolatzen duen eta aurten XIV. ediziora iritsiko den bere Argazki Lehiaketari begira, parte hartzeko asmoa izan dezaketen lagunek, sasoi egokia daukatela uda lehiaketarako argazkiak atera eta urte amaera aldean norgehiagoka ofizialki deitzen dutenean parte hartzeko. Gogoratu, gaia euskal ikutuko edozein gai izan ohi dela, Euskal Herrian gertatutakoa edo Madrilen, Euskal Etxearekin edo inguru hori argazkigai. “Udako euskal giro, jarduera eta paisaiak aukera ederra izan daitezkeenez argazki politak egiteko” luzatzen dute gonbitea. Lehiaketa urri aldean egin izan dute.