euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Viedma eta Patagonesko Aberri Etxea 'Guernica' Muralaren interpretazioan murgilduta: Memoria eta Pedagogia Gela Irekian

2025/10/30

Rubén Suárezek Viedmako 84 zenbakiko Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeko ikasleei zuzentzen zaie, muralera egindako bisita didaktikoan
Rubén Suárezek Viedmako 84 zenbakiko Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeko ikasleei zuzentzen zaie, muralera egindako bisita didaktikoan

PUBLIZITATEA

Viedma, Argentina. Viedma hiriko Aberri Etxeak gogor jarraitzen du Picassoren 'Guernica' obra ezagunaren moldaketaren inguruko pedagogia-lana sustatzen. Bertako obra hau oroimenaren eta giza eskubideen aldeko lan ikusgarria da. Duela bi urte baino gehiago kokatu zuten Ferreira Parkeko "Giza Eskubideen eta Memoriaren Gunean". 2023ko abuztuan inauguratu zuten gunea eta Viedmako euskal etxe patagoniarra da, hain zuzen, gunearen zaintzailea. Gela irekia izan nahi du, bertan jarduera didaktikoak, artistikoak eta kulturalak egin ahal izateko. Berriki, "Viedmako Guernica muralaren interpretazioa" izeneko barne-trebakuntza tailerra antolatu du elkarteak.

Aberri Etxeko Kultura Arloko arduradun Rubén Ángel Suárezek zuzendu du hogei bat bazkide bildu zituen zikloa. Hiru saiotan, taldekideek Picassoren mural ospetsuaren testuingurua eta, aldi berean, Juan Marchesi buru zutela artista lokalek egindako moldaketa aztertu zituzten. Rubén Suarezek berak EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, helburu nagusia "alde historikoan hutsune batzuk argitzea" zen, hutsune horiek funtsezkoak direlakoan murala osotasunean ulertzeko. Tartean, 'Guernica'-k 1937tik 1981era egindako bidaia luzea eta sinbolo gisa izan duen bilakaera landu zituzten.

Bisita gidatuen emaileak prestatzen

Saioetan, baina, gai gehiago ere jorratu zituzten, hala nola Bigarren Errepublikaren testuingurua eta Espainiako Gerra Zibila; Euskadiren instituzionalizazioa eta lehenengo Eusko Jaurlaritza; Picassoren lana sortzeko prozesua eta 1937ko Pariseko Nazioarteko Erakusketan izan zuen aurkezpena, besteak beste. Azkenik, bertako artistek muralaren moldaketan izandako esku-hartzea ere aztertu zuten. Formakuntzari amaiera egokia emateko, azaroaren 8an, larunbata, ikasitakoa elkarrekin partekatuko dute Ferreira Parkeko 'Guernica' Muralaren gunean bertan. Horrez gain, datorren urteko martxoan ikastetxeetako taldeen bisitak gidatuko dituzten pertsonak prestakuntza jasotzen hastea aurreikusten da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia