euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EAJ-PNVko ordezkaritza bat, Aitor Esteban buru, Hego Amerikan ibili da apirilean, bertako euskal sarea sendotzea xede

2026/04/23

A. Esteban, Eduardo Frei Txileko presidente ohiarekin, Jose I. de Mendiguren ministro eta diputatu ohiarekin. Aberri Eguneko ospakizunak: Montevideoko Euskaro Euskal Etxean eta Cañuelasen (Buenos Aires), Denak Bat Euskal Etxean
A. Esteban, Eduardo Frei Txileko presidente ohiarekin, Jose I. de Mendiguren ministro eta diputatu ohiarekin. Aberri Eguneko ospakizunak: Montevideoko Euskaro Euskal Etxean eta Cañuelasen (Buenos Aires), Denak Bat Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Hego Amerikako harreman sarea sendotzea helburu, EAJ-PNVko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) ordezkaritza bat Txile, Argentina eta Uruguain ibili da bisitari apirilean. Aitor Esteban Bravo jeltzaleen gidaria izan da espedizioan buru, eta berarekin batera etorri dira Miren Martiarena Barkaiztegi Kanpo Ekintzako arduraduna eta Danel Alberdi Komunikazio arlokoa. Bidaia zehar, buruzagi jeltzaleak hainbat bilera egin ditu erakundeetako agintariekin, indar politiko ezberdinetako erreferenteekin, enpresa munduko ordezkariekin eta baita ere, nola ez, eskualdeko euskal diasporarekin.

Bira apirilaren 6an hasi zen Txileko Santiagon. Agenda bete-betea izan zuten, pisu handiko karguekin solaskide: Eduardo Frei presidente ohia, Ximena Rincón Energia ministroa eta Claudio Orrego gobernadorea izan zituzten besteak beste hizkide. Horrez gain, euskal jatorriko enpresariekin zubiak eraikitzeko aukera profitatu zuten. Ordezkaritzak ez zuen alde batera batere utzi nahi izan bertako euskal komunitatea, eta Santiagoko Euzko Etxearen egoitzan topaketa egin zuten diasporako kideekin.

Argentinako bidean, Mendoza izan zuten lehen jomuga, Munduko Pilota Txapelketan jokatzen ari zen Euskal Selekzioari babesa eta hauspoa emateko. Ondoren, Buenos Airesera jo zuten konpromiso instituzional, akademiko eta politikoei ekiteko. Hortik aurrera, diasporako erakundeek hartu zuten protagonismoa: Laurak Bat historikoan eta FEVAn izan ziren. Argentinako etapari amaiera biribila emateko, apirilaren 11n, Cañuelasko Denak Bat elkarteak antolatutako Aberri Eguneko festan hartu zuten parte jeltzaleek.

Bidaia Montevideon amaitu zen. Hiriburu uruguaitarrean, herrialdeko espektro politiko osoko ordezkariekin batu ziren. Hala nola Partido Democrata Cristiano, Partido Nacional, Frente Amplio eta Partido Coloradoko kideekin eseri ziren, baita Julio María Sanguinetti presidente ohiarekin ere. FIVUko presidente eta Eusko Jaurlaritzaren Kanpoan diren Euskal Gizataldeen Aholku Batzordeko kide Juan Pedro Arin lagun izan zuten eta apirilaren 12an eman zioten amaiera birari. Azken ekitaldia Euskaro Euskal Etxean izan zuten, hango euskal komunitatearekin batera Aberri Eguna ospatuz.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia