euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kanadako herri indigenak ohorezko gonbidatu izango dira maiatzaren 14tik 17ra Euskal Herrian Pasaia Itsas Festibalean

2026/04/23

Pasaia Itsas Festibala maiatzaren 14tik 17ra izango da aurten
Pasaia Itsas Festibala maiatzaren 14tik 17ra izango da aurten

PUBLIZITATEA

Pasaia, Gipuzkoa. Euskal baleazaleek Amerikako iparraldera egindako lehen bidaia haiek; kontinente ‘berrian’ sortutako lehen kokaguneak, agian XIV. eta XV. mendeetan; eta marinelek bertako biztanleekin izandako harremanak izan dira, seguruenik, gaur egun ‘euskal diaspora’ izenarekin ezagutzen dugun fenomenoaren aurrekaria. Ternua eta Labradorreko kostaldeak hasiera horren zuzeneko lekukoak izan ziren eta hori izango da, hain zuzen, Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizio honetan omendu nahi dena: bost mende hauetan zehar, Atlantikoa bitarteko zela, Euskal Herriak eta Kanadak ehundutako harremana. Ekitaldia Gipuzkoako Paisaian izango da, maiatzaren 14tik 17ra.

Bi herrialdeen arteko lotura ospatzeko, aurtengo Festibalak programa zehatza eskainiko dio ohorezko gonbidatuen itsas kulturari, arreta berezia jarriz gaur egungo Kanadako lurraldeko herri indigenengan. Quebeceko baso borealetako jatorrizko Atikamekw Nehirowisiwok herria izango da partaideetako bat eta herriko lagun batzuek urki-azalezko kanoen eraikuntza erakutsiko dute; Inuit herriak ere hartuko du parte eta planetako ingurunerik gogorrenetako batean garatutako kayaken eraikuntza azalduko du. Ternuako eta Labradorreko kostaldeek arrantzan eta nabigazioan oinarritutako itsas tradizioak ere aurkeztu dituzte eskualde honetako ordezkariek.

Programa honez gain, gonbidatutako herrien kultur adierazpenak ezagutzeko aukera egongo da, bereziki sukaldaritza, musika eta artisautza, “bi lurraldeen arteko lotura historikoak eta herri indigenek harreman horretan izan duten eginkizuna balioan jartzeko” helburuarekin, azaldu dute antolatzaileek. Aipatzekoa da, gainera, Pasaia Itsas Festibalaren edizio honetan, publikoak San Juan baleontziraino gerturatzeko aukera izango duela, bai ontzia bera ezagutuz, bai harekin lotutako Albaola Elkarteak egindako eraikuntza-prozesua ulertuz; horrela, XVI. mendeko euskal baleontzi handiak nolakoak ziren eta ozeanoaz bestaldeko bidaia haien dimentsioa zein zen ezagutuko du.

16. mendeko ontzi baten teknikekin –material eta teknika berberekin– eraikita joan den urteko azaroan itsasoratu zen San Juan baleontzia beta hurrengo helburua Kanadaraino nabigatzea izango du Europako 2027ko udan, eta ondoren Pasaiara itzultzea ur gaineko museo bilakatuta.

- Informazio gehiago, Festibalaren weborrian



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia