euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Baskasetur Euskal Etxea ireki dute Islandian, euskaldunen eta islandiarren lokarri den itsas historiaren erreferentziagune

2025/10/13

Islandiako Baskasetur Euskal Etxearen inaugurazioa, Djupavík-en (argazkia EE)
Islandiako Baskasetur Euskal Etxearen inaugurazioa, Djupavík-en (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Djupavík, Islandia. Baskasetur Euskal Etxea inauguratu dute irailean Islandiako Djupavík-en, eta Islandiako eta Euskal Herriko itsas historia partekatua ikertzen duen "Basque Association in Iceland" (BAI) elkarteak 2023an martxan jarritako proiektu bat hartu dute oinarri. Euskal Etxea sardinzar fabrika izandako eraikin batean dago, euskaldunen eta islandiarren arteko harreman historikoaren lekukoa izan zen Islandia mendebaldeko fiordoen Strandir-en, Islandian eskala egiten zuten euskal marinelen istorioari lotutako eskualdean.

Euskal Etxearen inaugurazioak bi ekitaldi nagusi izan zituen, irailaren 15ean Islandiako Liburutegi Nazionalean, eta irailaren 20an, Euskal Etxearen egoitzan, eta bietan 2023tik elkarlanean ari diren Europako erakundeak bildu ziren, tartean ‘Basque Association in Iceland’ (proiektuaren buru), 'University Centre of the Westfjords' (University of Iceland) eta Haizebegi euskal musika elkartea; eta bertako agintariek eta EBko, Espainiako eta Frantziako ordezkariek ere hartu zuten parte. Proiektuari hasieratik bultzada handia eman dion Pasaiako (Gipuzkoa) Albaolako elkarteko presidente Xabier Agote ere partide izan zen Euskal Etxe berriko inaugurazioan eta Islandia eta Euskal Herria batzen dituen historiari buruzko hitzaldia eskaini zuen.


Xabier Agote Albaolako presidentea bi herrialdeok elkarrekin partekatzen dugun historiaz mintzo

“Baskasetur-en irekierak une historiko bat markatu du euskal itsas ondarearentzat. Horrez gain, bi herrialdeek itsasoa medio lokarri izan dituzten harremanak berritu ditu”, agertzen dute Albaolatik. “Ohore handiz hartu dugu parte gure historia partekatua indartzen duen eta kultura-trukerako bide berriak irekitzen dituen proiektu honetan”. Baskasetur Elkarte berria inauguratzeko programaren barruan kultur ekintza ugari eskaini ziren, tartean kontzertuak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta informazioa zabaltzeko aktibitateak. “Zinez, aurrekaririk gabeko ekitaldia izan da eskualde honetan”, diote Baskasetur-etik.

- Baskasetur Euskal Etxea Facebook-en, Baskasetur
- Baskasetur Euskal Etxearen webgunea, hemen.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia