Valentzia hiria. Abiatu berria den proposamen hau Valentziako Laurak Bat Euskal Etxean sortu zen, ekarri berria egin nahirik euskal etxe mailan genero berdintasunaren alorrean, elkarrekin hausnartzeko bildu eta gaur egun dauden errealitate eta planak genero ikuspegitik berraztertzeko. Valentziako Euskal Etxeak eginiko deiari, Madrilgo Euskal Etxeak eta Argentinako Cordobako Gerora Euskal Elkarteak erantzun zioten, beti ere aurrerabidea bultzatu eta etengabe aztertzeko eta ekarpenak egiteko azken urteotan Emakundetik ere puxatzen den dinamikari, ekimen eta ahalegin guztiak beharrezkoak eta baliotsuak baitira gai honetan, kasu honetan Diasporako erakundeen baitan.
Lehenengo urratsa proposamen berri honetan, joan den larunbatean, urriaren 4an, eman zuten, eman ere, Diasporako aipatu hiru elkarteek, hiru euskal etxeetako ordezkariak, guztiak emakumeak, bildurik bilera birtual batean, egungo argazkia egin, non gauden eta egoerak aurkeztuz, eta bakoitzak genero berdintasunaren inguruko euren esperientziak elkarrekin partekatuz.
“Euskal Etxe bakoitzeko esperientziak oso ezberdinak izan daitezke”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Cordobako Gerorako lehendakari Agustina Madarietak. “Gerorako Zuzendaritza Batzordean, adibidez, emakumeek betetzen dituzte goi mailako karguak. Baina gainerakoen errealitatea nolakoa den entzuteak laguntzen digu, konturatzen baikara batzuetan arazoak ez direla elkartearenak baizik eta gizarte patriarkal honek duen egiturarenak. Gauza batzuk aldatzea ez da erraza, eta horregatik da garrantzitsua bakoitza bere tokitik berditasunaren alde lan egitea, neurri jakinekin, pausoak eman eta gure hondar alea jarri dezagun helburu dugun gizarte normalizatura hurbiltzearren, kasu honetan esparru ditugun euskal etxeetan"
Hurrengo pausoak eta euskal etxe gehiago biltzea
Datozen pausoei begira, antolatzaileek jakinarazi digute bileran mahaigaineratu zituzten gaiak dokumentu batean jasoko zituztela, ondoren euskal etxe bakoitzeko bazkideen artean zabaldu eta eztabaida daitezen. Dokumentuan bilerako puntu garrantzitsuenak bilduko dira, hala nola, gaur egun dauden arazoak identifikatzea eta arazoei aurre egiteko elkarte bakoitzak sortu dituen estrategiak.
“Ekintza hau zerrenda luze bateko lehena baino ez da. Euskal etxeetan emakumeek parte hartze handiago izatea nahi dugu, emakumeak indartu nahi ditugu eta horrekin batera erabakiak hartzeko aukerak demokratizatzea”, azpimarratzen du Madarietak. Berdintasun Jardunaldiaren antolatzaileak kontaktuan daude Emakunde Emakumearen Euskal Institutuarekineta Diasporako gainerako euskal etxeei parte hartzeko gonbitea nahi diete luzatu. Horretarako helbidea, Geroraren hau: geroracordoba@gmail.com.