euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sara Pagola: "Asko aurreratu da genero eta berdintasun kontuetan Euskal Etxeetan azken 20 urteotan"

2023/04/25

Emakumearen Egunaren karietara hainbat jarduera eta omenaldi egin ziren martxoan Argentinako Euskal Etxeetan
Emakumearen Egunaren karietara hainbat jarduera eta omenaldi egin ziren martxoan Argentinako Euskal Etxeetan

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Euskal Etxe ugarik erantzun zioten martxoan Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko deialdiari. Jarduera mordoa antolatu zen deialdiarekin bat eginez, tartean zinema saioak, hitzaldiak, solasaldiak, topaketak, eztabaidak, tailerrak, esku-hartze artistikoak eta omenaldiak, besteak beste. Testuinguru horretan, Sara Pagola buru duen Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzak gonbitea luzatu zien interesatu guztiei Euskadin garatutako 'Emakumeak gora!' kanpainarekin bat egin zezaten.

 
Chacabucoko 'Guillermo Larregui' Euskal Etxeko lehenengo emakume taldeko kide Eva Zubeldía, Elvira Guruceaga eta Lucila Perottik, egungo lehendakari Lucia Igarzabalekin batera, plaka oroigarri bat inauguratu zuten elkarteko emakume guztien omenez

Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagolak jarduera horiek aipatu ditu Euskalkultura.eus-ekin solasean, “Ondo pentsatuak izan baitira, eta horrek Euskal Etxeak engaiatu egin direla berdintasuna lantzen adierazi nahi du, erakunde barruan eta baita bakoitza bere komunitatean ere. Eta bigarren puntu bat nabarmentze aldera, azpimarratzekoa da askok belaunaldi arteko lana aipatzen dutela. Euskal Etxe batek bere emakumeei izen-abizenez egindako aitorpen bakoitzean eta adin desberdinetako emakumeen topaketa bakoitzean, gure istorioak, ideiak, erronkak eta arazoak partekatzeko gune bat sortzen da. Funtsezkoa iruditzen zait ikusaraztea eta instituzionalizatzea gure diasporan berdintasunaren alde lan egiterakoan".

 
Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxea: Omenaldia María Delia Larrauri, Silvia Arregui eta María Cristina Larrauri irakasleari, 1980an Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordea osatu zuten lehenengo hiru emakumeei.

Euskal etxeetako genero eta berdintasunari dagokionez, Sara Pagolak zalantzarik gabe dio “Euskal diasporak asko aurreratu du(ela) azken 20 urteetan. Gaur egun ez zaigu harritzekoa egiten emakume bat izatea Euskal Etxe bateko buru, edo zuzendaritza batzordeetako kide. Emakumeak beti izan dira zutabe euskal etxeek egindako lanean, nahiz eta beti ez agertu lehen lerroetan eserita”.

 
Concordiako Ibaiko Izarra Euskal Etxea: Cecilia Berezagá eta Chuni Iriarte omendu dituzte erakutsi duten konpromisoagatik, bereziki txikienei dantzak irakasteko orduan


Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkari Sara Pagola Emakunderen berdintasun politika publikoak aurkezten Emakumeen Eskualdez Gaindiko Lehen Topaketan joan den otsailean Argentinako Cordoba hirian

Sara Pagolak Argentinan eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetan Euskal Etxeetan berdintasun eragile bihur daitezkeen pertsonak prestatzeko egin berri diren bi tailerretako esperientziak “oso aberatsak” izan direla aitortzen du. Eta gonbitea luzatzen die oraindik hala egin ez duten tailerrotako partaideei, ebaluazio inkesta honi erantzun eta euren iritzi eta ekarpenak eman ditzaten 2023an antola daitezkeen jarduera proposamenak jasotzeko. “Euskal etxeak erakunde berdinzaleagoak lortzeko lanean jarraitzera animatzea besterik ez zait geratzen, eta bide egokian goazela uste dut. Segi aurrera!”, hitzekin bururatzen du Pagolak bere solasa.

-Kanpainaren web orrialdea: www.emakumeakgora.eus
-Baliabideak eta dokumentazioa: https://berdintasuna.euskaletxeak.eus



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia