euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emakumearen Eguna: Martxoaren 8a aldarrikapen eta ospakizun hitzordu gisa sendotzen joan da euskal etxe argentinarretan

2023/03/06

8M dela eta Chacabuco, Mendoza eta Villa Maríako Euskal Etxeek antolatutako ekitaldiak zabaltzeko flyerrak
8M dela eta Chacabuco, Mendoza eta Villa Maríako Euskal Etxeek antolatutako ekitaldiak zabaltzeko flyerrak

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Martxoaren 8a lekua egiten joan da aldarrikapen, oroimen eta ospakizun egun gisa Argentinako euskal etxeetako egutegian, Emakumearen Egunarekiko atxikimenduak hainbat adierazpide harturik: zinema-saioak, hitzaldiak, ekitalde artistikoak, tailerrak eta baita festak... edota "edari sinaduradunekin egindako traguak" ere, Txapela sagardoak proposatutako omenaldiaren kasuan bezala. Zer antolatu dute zure euskal etxean? Hona Buenos Airesko gure bulegoak bilduriko ekitaldietako batzuk:

Concordiako Ibaizko Izarra Euskal Etxeak egun bat aurrerako du ospakizuna eta asteartean, martxoaren 7an egingo du, Emakunderen 'Emakumeak Gora!' lelopean. Solasaldi-elkarrizketa tankera hartuko du 'Emakumeen rola Euskal Etxeetan eta erkidegoan' izenburupean, 20:30etan elkartearen egoitzan

-Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxea martxoaren 8an bertan bilduko zaio Emakumearen Egunari bat eginez Emakundek karia horretara antolatutakoarekin, Adriana Abadieren begiradarekin eta 'Nora' filma pantailaratzen.

- Villa Mariako Euzko Etxeak ere asteazkenean ospatuko du eta urtetan ohi duen moldeari jarraiki, bere egoitzan entolatu du Emakumearen Eguneko afaria eta afari ondoko festa. Adin guztietako emakumeak gonbidatzen dituzte eskubide osoz bertaratu, denbora goxoa pasa eta dantza egitera.

La Platako Euzko Etxeak iaz genero indarkeriari buruzko kontzientzia areagotzeko "Aulki Morea" ekimena landu ondoren, aurten "Banco Rojo" (Banku gorria) aurkeztuko du, feminizidioak ikusaraztea eta salatzea helburu. Martxoaren 8an bertan, itsuentzako futbol taldeko emakumeek interbentzio artistiko bat egingo dute, egoitza sozialaren atarian.

- Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak instituzioak dauzkan 80 urteetan bere egungo errealitatea sortzen, hazten eta sendotzen zutarri izan diren emakumeak hartu nahi ditu gogoan. Gustavo Eduardo Elichiribehety lehendakariak opari bat emango dio erakundeak gaurdaino izan duen emakume bakarrari, Mirta Haydeé Burgue-ri, 1998tik 2006ra lehendakari

Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak solasgune batean parte hartzeko gonbitea luzatu du larunbatean, martxoaren 11an 18etan, elkartearen egoitzan. Solaskide arituko dira Teresa Gonzalez soziologoa, "Ikusmolde soziologikoa eta genero arazoak" hizpide, Celeste Bazán abokatua "Indarrean dagoen legedia, eta pozedurak genero indarkeria egoeren aurrean" izenburupean eta, bideokonferentziaz Euskal Herritik, Marta Perez Arrelano antropologo eta langile soziala, "Zaintzaileok mundua mugitzen dugu" hizpide.

- Comodoro Rivadaviako Euskal Echea elkarteak, Emakumearen Eguna esparru era bere Mendeurreneko urtean 'horezko tea' antolatu du bere egoitzan martxoaren 12an emakumeek ia 100 urteko bere historia egindako ekarpen nabaria azpimarratzearren eta egungo gizartean jokatu beharko luketen rolari buruz hasnartzeko

- Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak topaketa bat antolatu du bere Kultur Etxean martxoaren 18an, larunbata, arratsaldez. Mariana Dominé-k, Laura Nobilek eta Teresa de Zavaletak Euskal Herriko emakumeen lanpostu tradizionalei buruzko aurkezpena egingo dute. Ondoren, tailer bat koordinatuko dute zenbait belaunalditako emakumeak partaide, “La Vasca” elkartearen memoria instituzionalean emakumearen rola aztertu eta lantzeko.

- Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeak zinema saio batekin, Alauda Ruiz de Azúa zinemagile bizkaitarrak zuzendutako “Cinco Lobitos” filmarekin ospatuko du eguna, martxoaren 18an, 20etan, Euskal Etxearen egoitzan, sarrera doan.

- Bolivarreko Nafar Etxeak “Marcando Huellas” izeneko ekitaldiaren bigarren edizioan parte hartuko du martxoaren 23an. Ekitaldia Coliseo Español Antzokian egingo da, eta ibilaldi gogoangarria izan duten emakume etorkinak edo euren ondorengoak omenduko dira. Iaz, Adriana Unzueri, Norma Garciari eta Liliana Bocquini egin zien omenaldia Bolivarreko Nafar Etxeak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia