euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Anima zaitez! egitaraua: Argentinara bidaiatu eta zeure euskal kultura ezagutzak Euskal Etxe batean partekatu nahi?

2023/04/26

Euskal Herriko hainbat gaztek parte hartu dute Villa Mariako Euzko Etxeko 'Anima Zaitez' programaren orain arteko edizioetan
Euskal Herriko hainbat gaztek parte hartu dute Villa Mariako Euzko Etxeko 'Anima Zaitez' programaren orain arteko edizioetan

PUBLIZITATEA

Villa María, Argentina. Villa Mariako Euzko Etxeak Anima zaitez! kultur trukerako programaren 6. ediziorako deia egiten die Euskal Herriko 21 eta 30 urte bitarteko gazteei eta, era berean, Euskal Etxeko familiei gonbidapena luzatzen die ekimenari babesa eman eta hautatutako gazte euskaldun horietako batzuen anfitrioi izateko. Aurtengo edizioa uztailaren 14tik 31ra garatuko da, Euskal Herriko uda sasoiko opor garaian. Eskabideak maiatzaren 12ra arte egin ahal izango dira.

Batzen gaituen euskal kultura partekatzeko eta euskal diaspora ezagutzeko aukera paregabea da

Hautagaiek euskaraz eta gaztelaniaz hitz egin behar dute, eta gutxienez honako hauetako bi arlotan ezagutza izan: euskara, euskal dantzak, euskal kirolak, gastronomia eta musika. Ez zaie titulurik edo diplomarik eskatuko, bai ordea euren ezagutzak tailerretan, hitzaldietan edo bestelako jardueretan partekatzeko gogoa izatea. Izena emateko, galdetegia behar da bete eta, euskal kultura ardatz hartuta, Argentinan euskal kultura ezagutarazteko proposamen bat edo gehiago garatu, eta bidali idatziz (gehienez 4 orrialde) eta bideoz (luzera 1-2 minutu).

Argentinarako hegazkin txartela eta asegurua norberaren kontura izango dira. Programarekin zerikusia duten gainerako gastuak (otorduak, materialak, etab.) berriz, Euskal Etxeak ordainduko ditu. Informazio gehigarria honako helbide elektroniko hauetara eska daiteke: cvascovm@gmail.com eta animazaitez.cvascovm@gmail.com (kopiarekin bidali), edo sare sozialen bidez: Facebook edo Instagram.

Villa Mariakoa bazara eta Europatik etorri diren gazteren bat etxean jaso nahi baduzu, adierazi ezazu mesedez Euskal Etxean

Anfitrioi gisa aurkeztu nahi duten familiek 2023ko apirilaren 30era arte egitea eskatzen zaie. Izena emateko, inprimaki hau bete beharko dute. Euskal Etxeak ekarpen txiki bat egingo die hala eskatzen duten familia anfitrioiei, jasotzen dituzten gazteen janari eta garraio gastuak ordaintzen laguntzeko. Xehetasunak eskuratzeko deitu 0353 421-3400 telefonora.

Behin hautaketa egina, emaitzak Euzko Etxearen sare sozialetan eta e-mail bidez adieraziko dira, maiatzaren 15a eta 19a bitartean.

Anima zaitez!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia