Azkaine, Lapurdi. Asteburuan iritsia da Euskal Herrira Saint Pierre eta Mikeluneko 'Orok Bat' euskal dantza taldea. Larunbatean atera eta atzo igandea ailegatu ziren, eta irailaren 12ra arte egongo dira, Azkaine oinarri. Batetik, Donibane Lohizunen harreman estua daukaten Begiraleak taldearekin dantza tailer bat egingo dute, baina datorren asteburuan, igandearekin, Urruñako (Lapurdi) Pestetan arituko dira partaide eta dantzari, eta astelehenean Eusko Jaurlaritzak Markina-Xemeinen Pradales lehendakaria buru dela antolatutako Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko ekitaldietan ere Diasporako dantza talde gonbidatua izango dira, hau guztia taldea bere 65 urteak ospatzen ari den honetan, bidaia bera euren etengabeko lanaren eta konpromiso jarraituaren ongi merezitako adierazgarri eta ospagarri.
65. urte bete ditu aurten Saint Pierre eta Mikeluneko 'Orok Bat' dantza taldeak, eta honakoa du talde gisa Euskal Herrira inoiz egin due lehen bidaia. Besteak beste Diasporaren Egunean dantzatuko dute Markina-Xemeinen
Euskal Herrirako bidaia hau taldeak 60 urte bete zituenean zen egitekoa, 2020an, baina COVIDa etorri zelarik, atzeratu eta 65. urteurrenarekin batera egitea erabaki zuten eta, voila, hemen dira
'Orok Bat'eko dantzariak Saint Pierre eta Mikeluneko 2025eko Euskal Bestetan: Makil-dantza (arg. Chantal Briand)
'Orok Bat'eko dantzariak Saint Pierre eta Mikeluneko 2025eko Euskal Bestetan: Ingurutxoa (arg. Chantal Briand)
'XXXOrok Bat'eko dantzariak Saint Pierre eta Mikeluneko 2025eko Euskal Bestetan: Zinta-dantza (arg. Chantal Briand)
'Orok Bat'eko dantzariak Saint Pierre eta Mikeluneko 2025eko Euskal Bestetan: 'La Paillase' (arg. Chantal Briand)
'Orok Bat'eko dantzariak Saint Pierre eta Mikeluneko 2025eko Euskal Bestetan: Kontradantza (arg. Chantal Briand)
'Orok Bat'eko dantzariak Saint Pierre eta Mikeluneko 2025eko Euskal Bestetan: Uztai dantza (arg. Chantal Briand)
'Orok Bat'eko dantzariak Saint Pierre eta Mikeluneko 2025eko Euskal Bestetan: Makil Haundi (arg. Chantal Briand)
'Orok Bat'eko dantzariak Saint Pierre eta Mikeluneko 2025eko Euskal Bestetan: Makil Ttiki (arg. Chantal Briand)
Gogo handiz datoz Kanada aldameneko Ternuako partean dagoen Saint Pierre eta Mikelune artxipelago frantsesetik, 12 dantzari, bederatzi emakume eta hiru gizon. Emozioa nabari zaie, Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi solemnean, Lehendakaria bertan dela, parte hartzea gauza zinez berria baitute, eta gustura arituko dira biharamunean Urruñan ere, bertako herriko pestetan, baita aspaldidanik Euskal Herrian solaskide eta lagun eta lankide dituzten Begiraleak elkartekoekin ere, ikastaro edo tailer desberdina egingo baitute eurekin, "bereziki Arabako dantzak ikasiko ditugulako, orain arte ez baititugu sobera landu gure errepertorioan", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Orok Bat-eko lehendakari Nathalie Briand-ek. Gogoan hartzekoa, Diasporan usu gertatu ohi denez, eskainiko dituzten euren 'betiko' dantza batzuen kasuan, euren bertsioa eskainiko dutela, Euskal Herrikoarekin alde eta ñabardura batzuek dituena, ahoz ahoko transmititutako ondarea baita, eurenganatu edo bertakotua, azkeneko sei-zazpi hamarkadetan Mikelunen landutako moduan.