Gral Belgrano, Argentina. Euskal Populuaren tradizioen izpiritua eta iraganari geroa ekartzeko konpromisoa ozen hegaltatu ziren General Belgranon joan den abuztuaren 16an, bertako 'Gure Etxea' Euskal Etxeak, Udaleko Kultura Idazkaritza eta Buenos Aires probintziako euskal etxe pare bat lagun, "Belgrano Celebra al País Vasco" (Belgrano Celebra al Pais Vasco) topaketaren lehen edizioa egin baitzuen. Hiriko Espainiar Antzokiak eta "Miguel Briante" Kultura Etxeak eman zioten abegia ekitaldiari.
Jardueren programak Euskal Herriko kultur tradizioetan murgiltzera gonbidatu zuen Cañuelasko Denak Bat Abesbatzaren musikaz eta Euskal Arima taldearen dantzaren eskutik. Ricardo Buiraz historialariak, bere aldetik, zubi bat eraiki zuen iraganarekin eta Euskal Herritik bertaratu ziren aurreneko euskal immigrante multzoak aipatu zituen, Gral. Belgranon garatu zituzten euskal hotel eta ostatu, jatetxe eta pilota kantxa eta bestelako ekimenei buruzko gainbegirada emanez, baita euren izerdi eta ahaleginei eta geroa bideratzeko aurrerabide istorioei ere.
Miguel Briante Kultur Zentroan ikusgai egon ziren euskal kultura tradizionalaren ikonoak
Aldameneko Kultura Etxera bertaratu zirenek Euskal Herriko tradizioak ilustratu zituen erakusketa bat bisitatu ahal izan zuten. Erakusgai, argazki zaharrak, estanpa eta margolanak, jantzi tipikoak, paleta eta pilota bilduma, musean aritzeko prestatutako mahai bat, musika-tresnak, argitalpenak, artisautza eta baita euskal gastronomiaren pare bat lagin dastatzeko aukera ere, txistorra eta euskal pastela eskaini baitzizkieten bisitariei.
"Belgranok Euskal Herria ospagai" guztiz arrakastatsua izan da!", esan dio emozioz Gral. Belgranoko Gure Etxea elkarteko lehendakari Juan Martin Iribarnek, jaialdiak izan duen balioa nabarmenduz. "Aspalditik ez zuen Euskal Etxeak horrelako ekitaldirik egin, eta pozik ikusi dugu oso garrantzitsu eta mugiarazlea izan dela, eta bereziki hunkitu gaitu ikusteak gure fundatzaileak gozatu dutela eskainitakoarekin". Iribarnek Udaleko Kultura Idazkaritzaren laguntza eskertu nahi izan du, bereziki Rodrigo Berte zuzendariarena, baita Cañuelas eta Tandilgo euskal etxeena ere, "haien laguntzarik gabe jardunaldia ez baitzen posible izango".