Gral. Belgrano, Argentina. 2017an berraktibatu zenetik, General Belgranoko Gure Etxea euskal elkarteak jaialdi, festa eta kultur ekimen ugaritan parte hartu izan du, eta aberri-jai nazionaletan, ikurrina hiriko ekitaldi protokolarioetan partaide izan da, deitu duten guztietan. Oraingoan, Euskal Etxea izan da udal agintariekin harremanetan jarri dena proposamen bat luzatzeko. Joan den ekainaren 23an, Gure Etxeko ordezkaritza bat Udaleko Kultura Idazkari Rodrigo Berterekin bildu zen. Herriko udal egoitzan egindako topaketan, EEko lehendakari Juan Martin Iribarnek eta batzordekide Emanuel Borthirik "Belgranok Euskal Herria ospagai" proiektua aurkeztu zuten, kultura jaialdi proiektua, udala babesle nahi duena.
Buenos Aires Hiriak hamarkada batez urtero antolatutako izen bereko mega-ekitaldian oinarri hartuta, "Belgranok Euskal Herria ospagai" kultur jardunaldi bat izango da, barnean dituela arte erakustaldia, zinema, musika, euskal dantzak eta gastronomia tipikoa. "Asmoa, General Belgranoko Udalarekin batera, ekitaldi sendo bat sortzea da, euskal kultura gure hiriko gizarteari hurbiltzeko, etorkinak omentzeko eta Euskal Herriarekin hasiera-hasieratik izan ditugun loturak begibistarazteko", laburbildu dio EuskalKultura.eus-i Juan Martin Iribarnek. Jaialdia abuztuan egingo litzateke, Udal Zine Antzokian, eta Cañuelasko Denak Bat euskal etxea lankide.
Dantzak eta euskara haur eta helduentzat
General Belgranoko Euskal Etxeak ez du egoitza propiorik. Eta horrek bertako beste hainbat elkarterekin lankidetza-harremanak estutzera eraman du. Gaur egun, bere ohiko bilerak eta jarduerak "Club de los Abuelos" elkartean egiten ditu, hirugarren adinari eskainitako gune dinamiko bat. Topaketa sozial eta kultural ugariren gertaleku da, eta bertan, astero, euskal etxeko haurrak elkartzen dira, Bárbara Pérez Arrúaren eskutik, euskal dantza tradizionalak entseatzeko, eta euskara ikasi eta jolasteko Natalia Urcola irakaslearekin,. Natalia bera da ikasle helduen bi taldeei euskara ikastaroa ematearen arduraduna.
Gure Etxeko Zuzendaritza Batzordea:
- Lehendakari: Juan Martin Iribarne
- Lehendakariorde: Natalia Urcola
- Idazkari: Joana Ourthiague
- Diruzain: Piki Ibarra
- Batzordekide titularrak: Emanuel Borthiri, Barbara Pérez Arrua, José Luis Urcola
- Batzordekide ordezkoa: Berta Carricaburu