euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Andrea Bella uruguaitarraren euskararekiko ibilbidea biltzen duen ‘Euskara eta biok’ liburua aurkeztuko bihar Baionan

2025/11/20

'Euskara eta Biok' liburuaren lehenengo aurkezpena Baionan egingo da azaroaren 21ean. Ezkerrean, azala, eskuinean, Andrea Bella
'Euskara eta Biok' liburuaren lehenengo aurkezpena Baionan egingo da azaroaren 21ean. Ezkerrean, azala, eskuinean, Andrea Bella

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Liburua, bidaia-koaderno ilustratu formatuan argitaratu da eta bertan, “Euskara eta biok, jalgi hadi mundura” izenburupean, Andrea Bella uruguaitar euskaldunak, euskararekin daukan eta lortzen joan den harreman estua aurkezten du. Egin duen ibilbidearen sekuentzia lau ataletan dago azalduta, Diaspora, Euskal Etxeak, Euskara eta Euskal Herri. EuskalKultura.eus-ek Euskal Herrian harrapatu due Andrea, eta zerk bultzatu zuen liburua idatzi eta argitaratzera galdetu dionean, argiro ihardetsi du, ez baitu batere galdera hori egiten dioten lehenengo aldia.

“Maiz, izan ere Euskal Herrira etortzen nintzen bakoitzean, ingurukoek galdera bera egiten zidaten: ‘Zergatik arbaso euskaldunik izan gabe eta Euskal Herritik hamar mila kilometrora bizi den pertsona batek euskara ikastea izan dezake jomuga?’ Galdera errepikakorrari erantzun bera ematen nien sarritan: euskaraz bizitzeko grina dudalako eta bide horretaz gozatzeko erronka”, azaldu digu Andreak.

“Halako batean, Uruguain nengoela, eskaera jaso nuen Etxepare Euskal Institutuarentzat hitzaldi bat prestatzeko, Montevideon irakurle ibili zen Saioaren ahotik. Hitzaldi hari ‘Euskara eta biok’ jarri nion izena, eta sinetsirik nengoen, noiz edo noiz, nire euskararekiko ibilbide aberasgarri hau liburu bihurtuko zela. Behin Euskal Herrian, Asisko Urmenetari esker izan nuen Herrima kultur elkartearen berri, eta berehala sortu zen elkarlanean zintzoki aritzeko aukera. Horretarako, Ekaitz Bergaretxe haltsuarraren ‘Masusta-erreximenta’ liburuaren azala egiteko proposamena egin zidaten Herrimatik, bai eta haien sare sozialen (@herrima_) komunitatezaina izateko eskaintza ere”.

“Eta elkarren arteko konfiantza sendoturik, ideia hura aipatu nien, marrazkiz eta hitzez nire euskararekiko ibilbidea jasoko zuen liburua; berehala erakutsi zidaten haien interesa, baita argitara emateko erabateko laguntza eskaini ere. 2024ko urrian izan zen, eta aurten, dagoeneko gauzatuta, bidaia-koaderno ilustratua Durangoko Azokan erakutsi ahal izango dugu”, jakinarazi digu, harro euskal uruguaitarrak.

Liburua egiteko lan taldea

Lagun asko egin ditu Andreak euskara hurbiltzen eta bereganatzen egin duen bidaian bidaian eta horietako batzuk partaide dira ‘Euskara eta biok’en. Andrearen beraren olerki-pentsamendu moduko hitzekin batera, Ainize Madariaga senpertarra izan da testuaren idazlea. Liburuaren aitzinsolasa, Andrearen Mintzaneteko bidelaguna izan zen Anizeto Ajuriagogeaskoa muxikarrak egin du eta gibelsolasaren sinadura, Kike Amonarriz tolosarrari zor zaio. “Eta esan gabe doa, argitalpen-egitasmoa egia bihurtzeko Herrima argitalpenak elkartearen babesa funtsezkoa izan dela”, azpimarratu du.

Egile bezala lehenengo liburua badu ere, ez da Andrea Bella eskarmentugabea liburugintzan. Jalgi Hadi Mundura taldearekin ‘Hitzetatik harago’ liburua atera zuen eta murgilduta dabil baita ere ‘Hatsaren Poesia Olerki Bilduma’ ekimenean ere. Izan ere, aukera izan du liburuaren aurtengo edizioko azala ere egiteko.

Liburuaren aurkezpenak

‘Euskara eta biok’ aste honetan bertan, azaroaren 21ean, aurkeztuko du euskaldun uruguaitarrak Baionako Biltxokon, Durangoko Azokarii begira, Euskal Kultur Erakundeak (EKE) Iparraldeko ekoizleei zuzenduta antolatzen duen prentsaurrekoan. Eta hau, aurkezpen zerrenda luze baten hasiera baino ez da izango. Urtea bukatu arte, beste hainbat hitzordu izango ditu Andreak: Durangoko Udala lankide, abenduaren 5ean, arratsaldeko 6etan, ‘Zure Txokoa’ gunean; abenduaren 13an, Hondarribian, Doinuelek euskara hutsez antolaturiko plaza-azokan; eta abenduaren 17tik 20ra Madeira uharte portugaldarrean, Etxepare Euskal Institutuaren AT! Literatura deialdiak lagunduta.

Babesle eta bidelagunak

Ibilbide luze eta polita egin du doaike egun euskara irakaslea ere baden Andrea Bellak euskal hizkuntza bereganatzen, eta liburua egiteko ez zaio falta izan laguntza eman dionik, eta esker oneko zaie. “Liburua proiektu pertsonala da", azaltzen du, "baina jende askoren laguntza jaso dut eta bi multzotan banatu ditzaket: babesleak eta bidelagunak. Babesleak, erakundeak lirateke, hala nola Eusko Jaurlaritza, Euskararen Erakunde Publikoa eta Durangoko Udala.

"Eta bidelagunen artean, FIVU (Uruguaiko Euskal Instituzioen Federazioa) eta Uruguaiko euskal etxeak, Bruselako Euskal Etxea, Gureberriak hedabide digitala, EZI.eus, Nafar Ateneoa aipatuko nituzke… batere ahaztu gabe Herrima argitalpenak, jakina!”.

“Non gogoa, han zangoa” esaera gogokoa duen ekintzaileak, liburua Uruguai bere jaioterrira bidaiatzeko asmoa ere badu: “2026an Euskal Herrian barrena hedatuko dut liburua, Herrimaren 'Kultura solas' ekimenak kudeatzen duen herriz herriko dinamikaren bidez. Horrez gain, Uruguaiko euskal etxeek laguntzaz, udazkenean nire herrian aurkeztu nahiko nuke liburua, bai eta Argentinan ere, bertako euskal etxeek hala nahiko balute bederen!”, jakinarazi digu idazle-marrazkitzaileak.

Aurkezpenen zerrenda osatzen joan ahala, horren berri emango du EuskalKultura.eus-ek bere agendan. Zorionak, Andrea!

- Andrea Bellaren Instagram, eguzkilore.ederra



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia