San Frantzisko, Kalifornia. Asteburu betea dator otsailaren 14 eta 15ekoa San Frantziskoko Gure Euskal Etxearen 44. urteurrenean, ekitaldietako pare bat online segitzeko aukerarekin, hain zuzen ere atzo beste artikulu batean aipatzen genuen Bigarren Mundu Gerrako Euskal Beteranoen hitzaldi eta aurkezpena, Pedro J. Oiarzabal ikertzailearen eskutik, larunbatean, eta igandeko meza, EEko kantxan, bertako dantzariak, abesbatza, klika eta Euskal Herriko musikari eta pilotari gonbidatuak partaide (online hemen); baita honen ondotik kantxan bertan egingo den omenaldia, bertako euskalgintzan langile porrokatuak izan diren eta diren —gazteak baitira oraino— Valerie (Etcharren) Arrechea eta Philippe Acheritogaray-ri, San Frantziskoko Bizi Emankorra 2026 saria emango baitiete, Christian Iribarren eta aita Rene Iturberekin batera, ederki merezia (online hemen).
Programa berez larunbat eguerdian hasiko da, baina ostiralean abegia emango zaio afari pribatu bati Gure Euskal Etxean bertan, 2MGko Euskal Beteranoen proiektuan orain arte lagundu duten familia eta lagunetako batzuk bilduz. Bitartean, Euskal Etxeko kantina, jatetxe eta instalazioetan jendea biltzen joango da, elkar agurtzen eta besta giroan. Larunbat goizean, 2026ko bere lehenengo osoko bilera egingo du NABOk, horretarako Kanada eta AEBko Euskal Etxeetako delegatuak iristen hasiak direla. Eta eguerdiz azkenik emango zaio hasiera asteburuko programa ofizialari. Euskal Etxearen webgunean topa dezakezu programa bere osotasunean, Euskal Herritik etorri diren gizon-emakume gazte pilotarien, Kontrabanda musika taldeko lagunen eta bestelako partaide eta ekitaldien xehetasunekin.
Zorionak Euskal Etxeari bere 44. urtebetetzean, eta Zorionak bertan omenduko dituztenei eta partaide izango diren guztiei!
.jpg)

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


