euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Udako Besta' asteburuan San Frantziskon, musa, pilota, filmak, dantza, meza, musika, gastronomia...

2025/08/20

San Frantziskoko Udako Besta 2025eko bannerretako bi, abuztuaren 23 eta 24ko jaia iragarriz Gure Euskal Etxean
San Frantziskoko Udako Besta 2025eko bannerretako bi, abuztuaren 23 eta 24ko jaia iragarriz Gure Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. San Frantziskoko euskaldunek 'Udako Besta' ospatuko dute heldu den asteburuan, osagai direla musa, pilota, filmak, dantza, meza, musika, jateko-edatekoak eta ohiko euskal adiskidetasun giro ederra, ekitaldiak larunbatean hasirik eta igande gauean bururatzeko, ohidurak maraktzen duenez 'moxkor salda' edo baratxuri zopa gustagarri batekin. Europatik jinik, Iñaki Dieguez eta Xabier Leturia trikiti bikotea eta Garaztarrak dantzariak, eta 'Chistera Globetrotters' pilotariak. Bat egingo dute bertako Zazpiak Bat eta Gazteak-eko dantzariekin, San Frantziskoko Klika eta Elgarrekin abesbatzarekin, eta tokiko pilotariekin, esku huska eta paleta goman. Pilota eta zinema uztartuz, "Las Pelotaris" eta "Hit the Wall" dokumentalak eskainiko dira Gure Euskal Etxean, BEO Basque Educational Organization lankide.

Pilota arloan, aipatu filmekin batera, aurtengoan Chistera Globertrotters-ek eskainiko duten ikuskizuna izango du berritasun. Iñaki Dieguez eta Leturiaren trikitixa eta panderoak bazterrak alaituko dituzte larunbatean hasi eta asteburuan zehar. Igandean, izan ere, omenaldi berezia eskainiko diote Pepe Yanci soinujotzaile lesakar handiari. Dantza arloan, zuzenean Baxenabarretik heldu diren Garaztarrak-eko dantzariek bertaratutako guztien txaloak berenganatuko dituzte hain segur, besteak beste bateginik larunbatean Zazpiak Bat-eko heien kide euskal kaliforniarrekin "Flash mob" emanaldi batean. Ahaztu gabe Urteroko Gateau Basque txapelketa igandean, eta Mus Txapelketa, sei muslariko partidetan, hirukoteka alegia, hau larunbatean goizeko 7:15etatik aurrera.

Agorrilaren 23a, larunbata

- 07:15etan Museko izen-ematea, "Seiak", hiru hiruren kontra
- 08:00etan Mus Txapelketaren hastapena
- 14:00etan Euskal filmak "Las pelotaris" eta "Hit The Wall"
- 15:00etan Pilota partidak
- 18:00etan Aperitifa, euskal dantza emanaldiak
- 19:00etan Afaria, BBQ, haragi errea
- 21:00etab Dantzaldia, Iñaki Dieguez eta Xabier Leturia jotzaile

Agorrilaren 24a, igandea

- 09:00etan Gateau Basque Lehiaketa, opilak uztea (eguerdian adieraziko da)
- 10:00etan Meza eta emanaldiak
- 12:00etan Aperitifa
- 13:00etan Bazkaria, bildots kostaletak
- 16:00etan 'Beti Bizi' Omenaldia Pepito Yanci-ri
- 17:00etan Pilota partidak
- 19:00etan 'Moxkor salda', baratxuri zopa

Xehetasun eta argibide gehiago Gure Euskal Etxearen webgunean



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia