Lima, Peru. Datorren asteko ostegunean, abuztuaren 28an, irekiko du Limako Euskal Etxeak bere Euskal Zinemaldiaren 2025eko edizioa eta lehenengo saioan iaz Cusco hirian egin zen Munduko Mus Txapelketan grabatutako dokumentala proiektatuko du, EEa bera ekoizle. Zinemaldiko saioak bi ostegunean behin eskainiko dira Euskal Etxearen egoitzan Miraflores auzoan, ekintza honetarako propio atondutako gela batean, proiektore berria ere tarteko.
“Lan ederra egin du dokumental honetan elkarteko kide den Daniel Alcalde Legarretak eta asko pozten gaitu aurtengo Zinemaldia film horrekin hasi ahal izateak”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i elkarteko erreferente den Alberto Escobalek. Ondoko saioetarako, euskal zineman sona handikoak diren beste hamaika izenburu aurakeratu dituzte batzorde antolatzaileko lagunek, horien arten Aupa Etxebeste, Mikelen heriotza, Kutsidazu bidea Ixabel, 80 egunean, ‘El vasco’ eta Ane.
2025eko Munduko Mus Txapelketa
Musa Limako Euskal Etxeak gehien jorratu eta segitzen duen jardueretako bat da eta urteko bigarren seihilekoko ekintzei dagokienez, Munduko Mus Txapelketan hartuko du parte Limako Euskal Elkarteak, Juanjo Meneses eta Bittor Lopez muslariak ordezkari. Txapelketaren 46. edizioa Macachinen (Argentina) izango da, irailaren 27tik irailaren 5era. Bestalde, Euskal Diasporaren Eguneko ekintzen programa ere ari da prestatzen Euskal Etxea eta datozen egunotan kaleratuko du.
Euskadiko Gazteak Lankidetzan
Gogora dezagun, azkenik, aste honetan harrera goxoa egin diola Euskal Etxeak Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren bidez hirira iritsi zen bost euskaldunen taldeari. Neska-mutilak irailera arte arituko dira Gobernuz Kanpoko Erakundeetan lanean “Euskadiko gazteen artean elkartasunaren balioak sendotzeko eta garapenerako ekintzen inguruko sentsibilizazioa sortzeko" helburua duen ekimen honen baitan.
Euskal Herritik lankidetzan etorritako gazteak Limako Euskal Etxeko lagunekin elkartearen egoitzan
Euskal Etxeko kideek afari ederra prestatu zieten programako gazteei eta hauek ‘etxean bezala’ sentitu ziren. Euskal Etxekoen esanetan, “Guretzat oso esperientzia polita da harrera egitea Euskal Herriko gazteei eta elkarteko ekintzetan parte hartzen badute, ondo baino hobeto. Horrela izango da oraingoekin ere. Ostiral honetan bertan, adibidez, eta Euskal Herrian jende askok jorraten duen mendialetasunarekin bat eginez, Lomas de Lima-ra eramango ditugu, mendi irteera batean”, aurreratu digu Escobalek.