euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

23 urteren ondoren, Bolivarrera itzuliko da azaroaren 27an Argentinako Nafar Etxeen Topaketa, Ana Ollo bertan dela

2026/11/23

Nafarroako Etxeen XII. Topaketarako Bolivarreko Nafar Etxearen egoitzak kartel berri bat du aurrealdean, eta erabat bermargotu du bere barrualde eta kanpoaldea. Raíces Navarras abesbatzaren eta Etxeko dantzarien irudiak
Nafarroako Etxeen XII. Topaketarako Bolivarreko Nafar Etxearen egoitzak kartel berri bat du aurrealdean, eta erabat bermargotu du bere barrualde eta kanpoaldea. Raíces Navarras abesbatzaren eta Etxeko dantzarien irudiak

PUBLIZITATEA

Bolívar, Argentina. Azaroaren 27tik 29ra, Buenos Aires probintziako Bolívar hiria diaspora nafarraren bilgune izango da Argentinako Nafar Etxeen 12. Topaketaren harira. Hiru egunetan zehar, herrialdeko lau Nafar Etxeetako —Buenos Aires, Rosario, Mendoza eta Bolivar anfitrioiko— ordezkaritzek komunitate osoarentzat irekiak izango diren kultura, aisialdi eta jarduera instituzionaletan hartuko dute parte. Arlo instituzionalean, ekitaldian bertako agintariek eta Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza batek hartuko dute parte; azken horretako buru Ana Ollo izango da, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaria.

Ekitaldiak garrantzi berezia hartu du bertako elkartearentzat. Izan ere, 23 urte igaro dira Bolívarrek lau urtean behin egiten den topaketa hau hartu zuen lehen, eta orain arteko bakar, alditik. Edizio hartan, Bolivarko Nafar Etxeko egungo lehendakaria, Mariana Sardón Ladux aritu zen, dantza-taldeko kide gisa. Horretaz galdeturik, oroitzapenak pilatzen zaizkiola diosku, emozioak gainezka. "Gaur egun, beste ikuspegi batetik bizi dut. Zuzendaritza-Batzorde osoaren ahalegin handia egon da atzean; hori gabe, ezinezkoa izango zen hau guztia aurrera ateratzea. Ilusio handiz bizi dugu, izan ere, Batzordeko kide berri batzuek ez dute inoiz horrelako topaketarik bizi izan, eta oraindik ez dituzte ezagutu Nafarroatik etorriko diren bisitariak, ezta herrialdeko beste zentro batzuetako kideak ere. Zalantzarik gabe, benetako adiskidetasun-topagune izango da", adierazi dio Sardónek EuskalKultura.eus-i.

Jarduera-egitarau zabala

Egitaraua azaroaren 27an, ostiralean, hasiko da, goizez, ordezkaritzei harrera eginez, eta bazkalostean omenaldia eskainiko zaie bazkide fundatzaileei oroitzapenezko eskultura bat bistaratuz. Arratsaldean prentsaurrekoa emango dute, eta segidan lan-bilera egingo nafar etxeetako zuzendariek eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek. 20etan meza izango da San Carlos Borromeo parrokian, etxeko Raíces Navarras abesbatzak lagun. Amaitzean, dantzariek kalejira egingo dute egoitzaraino, eta Larrain Dantza dantzatuko dute bertan. Eguna 21:30ean burutuko da Topaketaren  irekiera-ekitaldi ofizialarekin, "Nafarroako Foru Komunitatea" pasalekuko monolitoan plaka bat inauguratuz eta ongietorri-afariarekin.

Larunbatean, azaroaren 28an, jarduera Amankay zaldi-espaziora lekualdatuko da landa inguruneko topaketa baterako. Bertan, haragi-errea, enpanadak, trebetasun tradizionalen erakustaldiak, eta musika zein dantza folklorikoen emanaldiak gauzatuko dira. Arratsaldean, Florentino Ameghino Museoa bisitatuko dute. Ondoren, 19:30ean, gala artistikoak hartuko du Teatro Coliseo Español antzokia: nafar etxeetako dantza taldeek, Raíces Navarras abesbatzak eta Ballet Tango Nuevo partaide. Amaitutakoan, lagunarteko afaria eta dantzaldia egingo dituzte nafar egoitzan. Topaketa igandean, azaroaren 29an, amaituko da, 13etan egingo den azken agur-bazkari batekin.

- Otorduetan edo Amankayko jardunaldian parte hartu nahi dutenek txartela erreserba dezakete Bolivarreko Nafar Etxeko sare sozialen bidez. Instagram: @centronavarrobolivar; Facebook: centronavarro.bolivar



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia