euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Gaztemunduri Ateak Ireki 2027' ekainaren 26tik uztailaren 18ra izango da: izena emateko epea, abenduaren 20ra arte

2026/11/23

2027ko ‘Gaztemunduri Ateak Ireki’ ekainaren 26tik uztailaren 18ra egingo da Gipuzkoako Goierri eta Bizkaiko Busturialdea-Urdaibai oinarri
2027ko ‘Gaztemunduri Ateak Ireki’ ekainaren 26tik uztailaren 18ra egingo da Gipuzkoako Goierri eta Bizkaiko Busturialdea-Urdaibai oinarri

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Gaztemundu eta Ateak Ireki egitasmoen lehen edizio bateratua 2026ko udan europarrean egin zen. Parte-hartzaileek, harrera-familiek eta lankidetzan aritu ziren erakundeek egindako balorazio onak bultzaturik dator edizio berria eta zabaldu berria den izen-emate deialdia. 2027ko ‘Gaztemunduri Ateak Ireki’ programan parte hartzeko gonbitea munduko edozein lekutako Diasporako gazteei zuzendu zaie, egonaldiaren egunak dagoeneko finkaturik: ekainaren 26tik uztailaren 18ra, Gipuzkoako Goierri eta Bizkaiko Busturialdea-Urdaibai oinarri harturik.

Iazko ildoari jarraituz, 2027ko ‘Gaztemunduri Ateak Ireki’ programa, hizkuntza eta kultura-murgiltze programa bat izango da, Eusko Jaurlaritza eta Batzen Kultur Elkartea elkarlanean antolatzaile Euskal Herriko zein Diasporako zenbait erakunde eta elkarteren laguntzarekin: “Helburua da Diasporako belaunaldi berriak Euskal Herrira hurbiltzea, euskararen eta euskal kulturaren ezagutza sustatzea eta mundu osoko euskal komunitateen arteko harremanak sendotzea”, dioskute.


Torontoko Mika ‘Gaztemunduri Ateak Ireki’ko bere esperientzia kontatzen

Hiru astez, parte-hartzaileak harrera-familiekin biziko dira, eta bertatik abiatuko dira egunero euskara-eskoletan, tailerretan, kultur eta kirol jardueretan eta txangoetan parte hartzera. Deialdiak bi partaidetza mota izango ditu: orokorra, 'Diasporako gazteei’ zuzendua, eta gazte laguntzaileena, begirale eta gazte partaideen sostengu izango diren ‘Diasporako monitoreei’ zuzendua.

Parte hartzeko baldintzak

‘Diasporako gazteen’ modalitatean parte hartu nahi dutenek 18 eta 27 urte bitartekoak behar dute izan; osorik egonaldiko hiru asteetan egongo direla behar dute bermatu eta bizikidetza-arauak errespetatzeko eta antolatutako jardueretan parte hartzeko konpromisoa hartko dute. Deialdian parte hartzeko ez da beharrezkoa Euskal Etxe bateko kide izatea, baina euskal komunitateekiko loturak gogoan hartu ahal izango dira hautaketa-prozesuan. Aurreko edizioetan parte hartu dutenak ere aurkez daitezke, baina hautagai berriek lehentasuna izango dute. 

Kostuei dagokienez, parte-hartzaileek beren gain hartu beharko dituzte joan-etorri hegazkin-txartelak eta egonaldi osorako osasun aseguru gastuak. Haatik, antolakuntzaren ardura izango da, familien etxeetan ostatua ematea, otorduak eta oro har programatutako jarduerez eta joan-etorriez okupatzea. Gazte partaideek programa hasi zurretik edo programaren ondoren egin litzazketen egonaldi eta bidaiak parte-hartzaileen kontu izango dira.

‘Diasporako monitoreen’ kasuan, antolakuntza-taldean gazte partaideen laguntzaile moduan ibili nahi duten lagunei dago zuzenduta. Besteak beste, jarduerak eta txangoak antolatzen, parte-hartzaileei laguntzen eta egitasmoaren eguneroko egitaraua garatzen arituko dira. Aurreko edizioetan parte hartu izanak eragina izango du hautatze prozesuan. Monitoreen kasuan, hegazkin-txartelaren eta ostatuaren gastuak antolakuntzak ordainduko ditu.

Izena emateko prozesua

Munduko edozein herritako euskal diasporako gazteek eman dezakete izena. Inskripzioa ‘Gaztemunduri Ateak Ireki’ egitasmoaren webgune ofizialean behar da egin (www.ateakireki.eus), 2027ko izen-ematea dioen atalean. Bertan, dagokion modalitatea hautatu beharko da —'diasporako gazteak’ edo ‘diasporako monitoreak’—, baita formularioaren hizkuntza ere. Ondoren, eskatutako datu guztiak bete, beharrezko dokumentazioa erantsi eta programaren arauak onartu beharko dira.

Fase honetako aurkezpen-bideoak hiru eta bost minutu arteko iraupena izan beharko du, eta ateakireki@ateakireki.eus helbidera iristarazi beharko da Bideoan, hautagai bakoitzak bere burua aurkeztu eta egitasmoan parte hartu nahi izatearen arrazoiak azalduko ditu. Gazte parte-hartzaile orokorren kasuan, bideoa ez da derrigorrezkoa, baina bidaltzen bada hautaketa-prozesuan kontuan hartuko da.

Harremanetarako datuak eta estekak:
- Webgunea: www.ateakireki.eus
- Helbide elektroniko orokorra: ateakireki@ateakireki.eus
- Harreman zuzena: anderelordui@ateakireki.eus
- Gaztemunduri Ateak Ireki Facebooken, Gaztemunduri Ateak Ireki
- Gaztemunduri Ateak Ireki Instagramen, ateak_ireki



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia