euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal diasporako gazteentzako 'Gaztemunduri Ateak Ireki' programa berriaren xehetasunak eman dituzte aditzera

2026/03/10

Atzo aurkeztu zuten Busturiako Madariaga Dorretxean 'Gaztemunduri Ateak Ireki'ren edizio bateratua
Atzo aurkeztu zuten Busturiako Madariaga Dorretxean 'Gaztemunduri Ateak Ireki'ren edizio bateratua

PUBLIZITATEA

Busturia, Bizkaia. Prentsaurrea eta aurkezpena Busturiako Madariaga Dorretxean "Gaztemunduri Ateak Ireki" programa bateratuaren lehen edizioaren xehetasunak emanez, Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programak eta ekimen sozialeko Ateak Ireki programak bat egin ondoren. Programa berria abian da dagoeneko eta ekainaren 27tik uztailaren 18ra egingo da, Diasporako 54 gazte bildurik, Estatu Batuetatik, Kanadatik, Argentinatik, Uruguaitik eta Australiatik etorriak. Sostengatzaile, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiak, Batzen Kultur Elkartea eta Goieki (Gipuzkoako Goierri) eta Urremendi (Busturialdea-Urdaibai) eta Diasporako erakundeetan NABO (Estatu Batuak eta Kanada), FEVA (Argentina), FIVU (Uruguai), eta Euskal Australiar Alkartea (Australia).

Antolakuntza Goierri eta Busturialdea-Urdaibaiko familien parte-hartzea finkatzen dabil orain, gazte partaideak bertako familietan egingo baitute lo euren hiru asteko egonaldian. Aipatu bi eskualdeetako familiak garaiz daude hartzaile izan eta gazteren bat euren etxeetan hartzeko eskaintzeko, beraz, programako parte izan nahi duten familiak harremanetan jar daitezke posta elektronikoz edo telefonoz (bisitatu ekimenaren webgunea) eta harrera-familia bilakatu. Programaren alderdi garrantzitsu bat da Diasporako gazteek euskararen eta euskal kulturaren lehen eskuko ezagutza izatea eta, beraz, egingo dituzten jardueren artean daude euskara eskolak eta jarduerak Lazkaoko eta Zornotzako barnetegietan.

Lehenengo edizioa bateratua

Gogora dezagun Gaztemundu programa duela 30 urte sortu zuela Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak. Diaspora osoko euskal etxeetako gazteei zuzenduta dago, eta Euskal Gizataldeen Munduko Kongresuko ordezkarien proposamenez azken urteotan euskal etxeen kudeaketa, gastronomia, dantza eta euskal instrumentu tradizionalak landu izan dituzte bereziki bertan, herrialde bisitatzearekin batera. Gasteizen oinarri hartuta egin izan da, bi bat asteko iraupenez. Ateak Ireki-k, berriz, bere lehen edizioa 2022an egin zuen, Gipuzkoako Goierri eskualdean, hiru asteko egonaldiarekin. Aurten arte Estatu Batuetako eta Kanadako gazteei zuzenduta egon da, eta NABOrekin lankidetzan antolatu da.

Bi programetan, Euskal Herri osoko lekuetara egindako bisitek, kultur bizitzaren alderdi desberdinetako eta herrialdearen errealitate historiko eta garaikideko protagonistekin egindako hitzaldi eta kontaktuek eta oro har euskal errealitatea ezagutzeko topaketek osatu dute gehien bat programa, bertan esperientziak izan eta eguneroko bizitza barnetik ezagutzeko paradarekin eta euren adineko gazteekin aritzea ere gogoan. Azken helburua, Diasporako gazteen eta Euskal Herriaren artean, Euskadiren eta bere diasporaren artean, zubi iraunkorrak sortu eta sustatzeko asmoa, belaunaldi berrien eta Euskadi ireki, global eta partekatu baten arteko lotura kulturala areagotzea.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia