Buenos Aires, Argentina. Emakumearen Nazioarteko Eguna gero eta gehiago ari da sartzen Euskal Etxeetan, kontzientzia hartzea eta parekotasuna eta ekitatearen aldeko planak ugariago antolatzen diren heinean, Emakundetik eta Eusko Jaurlaritzatik datozen proposamen eta lan-ildoak lagun. Aurten Argentinan, Euskal Etxeak aldarrikapen eta elkarretaratze gune bilakatu dira berriro ere, Emakumearen Nazioarteko Egunaren karietara. Jaia, formakuntza, artea eta tokian tokiko emakumeei egindako omenaldiak uztartuz, euskal-argentinar komunitateak emakumeek kulturan eta gizartean duten garrantzia agerian uzteko konpromisoa berritu du. Hona hitzorduetako batzuk:
Chivilcoyko Beti Aurrera euskal etxeak egitarau zabala prestatu du. Martxoaren 5ean eman zioten hasiera Amalur taldeak gidatutako sukalde tailer batekin. Ostiralean, osasungintzako adituen partaidetza izan zuen jardunaldiak, prebentzioa eta informazioa jarri zituen erdigunean. Igandean, berriz, musika eta poesia saio batekin biribildu zuten egitaraua, Garagardogune edo "Patio Cervecero" bat eratuz. Bertan, omenaldi beroa eskaini zioten Emilse Iriart Amalur taldeko kide eta laguntzaile nekaezinari, Chacabucoko euskal etxeko ordezkariak lagun.
Lurdes Iriondori buruzko dokumentala
Buenos Aires Hirian, Euskaltzaleak euskaltegiak ikasturteari hasiera emateko, Inge Mendioroz Ibañezek zuzendutako "Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako" dokumentala estreinatu zuen ostiralean. Filmari esker, publikoak euskal artista, etiketa tradizionaletatik haratago ezagutzeko aukera izan zuen, haren ondare propioa aldarrikatuta. Azulgo Gure Txokoan, bestalde, Pierina Castiglione doktoreak osasun integralaren garrantziaz hitz egin zuen, autonomia eta indartze pertsonala ardatz hartuta. Horrekin batera, Emakunde Emakumearen Euskal Institutuaren sentsibilizazio kanpainen erakusketa grafikoa egon zen ikusgai.
Elkarteen barneko emakumeen figura funtsezkoa izan da Buenos Aires probintziako hainbat herritan. Pergaminoko Lagun Onak euskal etxean, Liliana Basaguren bazkide eta Danborradako kidea omendu zuten. Tres Arroyosen, Hiru Erreka elkarteak eta Pablo Garate alkateak Clyde Etchegoyenen ibilbidea goraipatu zuten Gariaren Jai Probintzialaren baitan. Lapridako Lagunen Etxean ere bazkari berezia egin zuten; bertan, Gabriel Monferato idazlearen literaturak eta `Patria´ talde bokalaren erritmoek girotu zuten emakumeen aldeko ekitaldia.
150 emakume Villa Marian
Ohiturari eutsiz, Villa Mariako Euzko Etxeak 150 emakume bildu zituen bere egoitzako Euskal Herria aretoan, urteroko Afari-Dantzan. Belaunaldi guztietako emakumeek, abanikoak eskuan, jai eta dantza giroan gozatu zuten Cordobako erakundearen egutegian dagoeneko ezinbestekoa den hitzordu honetan.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


