Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzaren Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak hiru ekimen bultzatu ditu Euskal Etxeetan, emakumeen lidergoa agerian jartzeko eta berdintasuna indartzeko. Programak bideo bat biltzen du, "Martxoaren 8a: eraldatzen duten ahotsak" izenburuduna; "Berdin Blai Gela" prestakuntza-plataforma berria, euskal etxeen eguneroko jardueran berdintasuna sustatzeko online ikastaroak eskaintzen dituena; eta "Gizonok Berdintasunean Taldea", euskal diasporan berdintasuna sustatzen aktiboki inplikatzeko gizonei zuzendutako gunea, Jaurlaritzak ohar batez jakinarazi duenez.
2025ko maiatzetik Ziortza Olano Astigarraga buru duen Zuzendaritza honek mundu osoko Euskal Etxeei zuzendutako hiru ekimen berri abiarazi ditu Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara, helburua ipinita euskal diasporan emakumeen lidergoa agerian jartzean, berdintasunaren inguruko prestakuntza indartzean eta gizonak gizarte-eraldaketan aktiboki inplikatu daitezen sustatzean, komunitate berdinzaleagoak, askotarikoagoak eta konprometituagoak lortzeko bidean aurrera egiteko. Proposamenen artean dago "Martxoaren 8a, etorkizuneko ahotsak ehuntzen" bideoaren estreinaldia, munduko hainbat euskal etxetak lekukotasunak biltzen dituena, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
Martxoaren 8a dela eta Jaurlaritzak plazaratu duen bideoa, Euskal Etxeen testigantzak bilduz
Euren esperientzien bidez, emakumeek erantzukizun-espazioetan eta komunitate-bizitzan betetzen duten funtsezko zereginaren garrantzia azpimarratzen du bideoak, eta emakumeek egin duten ekarpen historikoa eta egungoa aitortzen ditu, baita duten lidergo-gaitasuna ere. Ekimenak, gainera, erreferenteak sortzea, bokazio berriak inspiratzea eta euskal etxe bakoitzaren barruan berdintasunarekiko konpromiso kolektiboa indartzea du helburu.
Horrekin batera, Zuzendaritzak "Berdin Blai Gela" jarri du abian, www.euskaletxeak.eus webgunean txertatuta, eta berdintasunari buruzko hiru ikastaro espezifiko eskainiz. Tresna digital hori edozein euskal etxeei lotutako pertsonei euren erritmoan trebatu ahal izateko eta eskuratutako ezagutzak norberaren erakundearen eguneroko kudeaketa eta jarduerara eramateko diseinatuta dago. Plataforma barneko sentsibilizazio-prozesuetan laguntzeko eta parte-hartze orekatua eta erantzukidea bermatuko duten egitura-aldaketak finkatzeko asmoz sortu da.
Gizonen partaidetza
Hirugarren ekimena "Gizonok Berdintasunean Taldea’"da, berdintasunaren sustapenean aktiboki inplikatu nahi duten gizonei zuzendutako espazio berria. Talde hau hausnarketarako, ikaskuntzarako eta konpromiso partekaturako eremu gisa sortu da, abiapuntu hartuta benetako berdintasunak, soilik gizonek gizarte-eraldaketan bete behar duten zeregina asumitu eta beren gain hartzen dutenean gertatzen dela. Ekintza hauen guztien bidez, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak nazioarteko esparruan berdintasun-politikak bultzatzen jarraitzeko eta Euskal Etxeak euskal diasporan elkarbizitzarako, parte-hartzerako eta lidergo partekaturako gune gisa sendotzeko duen borondatea nahi du indartu.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



