Donostia-San Sebastián. Orain arte pantailetara dokumental edo dokumental dramatizatu gisa baizik iritsi ez bada ere, "El Vasco de la Carretilla"ren istorioak zinemarako egina dirudi, hori gertatzen baita —mihi gaiztoek diotenez— euskaldun bati —are gehiago nafarra bada, segitzen dute mihi gaiztoek— "ezetz ausartzen..." esaten diotenean. Izan ere, baietz, ausartzen dela erakustera behartuta sentitzen omen baita... edo hala gertatu zen behintzat istorio honetako protagonistarekin, hogeitabi mila (22.000) mila kilometro baino gehiagoko oinezko bidea egin baitzuen, eskorga bat lagun, apustu bat medio. "El vasco de la carretilla" goitizenez, euskaraz "Eskorgako Euskalduna", Guillermo Larregui (Iruñea, 1885-Puerto Iguazú, 1964) erabat ezaguna egin zen bere garaian Argentina osoan, herrialdeko hainbat errepide 150 kiloko eskorgari bultzaka egin zituenean.
Baina oraingoan Larreguiren istorioa iritsi egingo da zinema aretoetara, errealismo magikoa ikutua izan dezakeen ‘Nire hitza’ izeneko fikziozko pelikula medio. Filmean XIX. mende bukaerako Nafarroako eta XX. mende hasierako Buenos Aireseko irudiak agertuko dira eta baita “Eskorgako Euskaldunak” egindako ibilbidea ere, bidean topatu zituen lagunak –tartean Antoine de Saint-Exupéry gogorarazten digun idazlea izan daitekeen hegazkin pilotua– Patagoniako paisaia ekin batera.
Puntako teknologia erabili du Axel O´Mill-ek (Higgsfield, Nanobanana, Kling 3.0 eta Seedream) teaserra sortzeko
Izan ere hauek dira Axel O´Mill ekoizle eta zuzendariak Adimen Artifizialarekin egindako teaserrean jaso dituen irudiak. Urte batzuk daramatza O´Mill-ek proiektua aurrera eraman nahian eta orain, bideogintzaren azken teknologia berriez baliaturik (Higgsfield, Nanobanana, Kling 3.0 eta Seedream) erakusten digu nolakoa izango den bere Guillermo Larregui pantaila handietara iristen denean.
Izan dezagun kontuan, fikziozko filmarekin batera dokumental bat ere ari dela prestatzen Axel O´Mill Tubau. ‘Larregui. 36 milioi urrats’ izenburupeko dokumentalak argentinar diasporaren pertsonaia honen "benetako historia" kontatuko omen du zuzendariak, Julian Iantzi nafar estatubatuarra aurkezle. O´Mill-ekin eta Iantzirekin batera Gorka Urzaiz ere proiektuaren ekoizle da.
- "Eskorgako Euskalduna" proiektuaren instagrama, elvascodelacarretilla
- Axel O´Mill Tubau-ren webgunea, www.axelomill.com

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


