euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Eskorgako Euskalduna'ri buruzko dokumentala egingo du Maximiliano Gonzalez zinemagile argentinarrak

2012/02/24

Maximiliano Gonzalez zinemagile argentinarra
Maximiliano Gonzalez zinemagile argentinarra

PUBLIZITATEA

Zinema argentinarreko Institutuak [INCAA, Instituto Nacional de Cine y Artes Audiovisual] Maximiliano Gonzalez-en bi proiektu saritu ditu otsail hasieran. Bietako bat Guillermo Larregui 'Eskorgako Euskalduna'ri buruzko (El Vasco de la Carretilla, gaztelaniaz) dokumental bat da eta irail aldera ikusi ahal izango da Argentinako Telebista Digital berrian. “Puerto Iguazukoa naizenez oso txikitandik ezagutu nituen Guillermo Larreguiren pasadizo eta bizipenak. Eta bere nortasunetik gauza ugarik erakarri ninduten; egin zuen ahalegin fisikoaz gain, ametsak eta askatasuna lortzeko gizakiaren borroka nahi ditut gailendu”, adierazi dio Misioneseko zinemagileak Euskalkultura.com-i.

Puerto Iguazu, Argentina. Euskal jatorririk izan ez arren Argentinako euskal diasporarentzat garrantzi handia duen pertsonaia baten istorioa kontatuko du Maximiliano Gonzalez zine zuzendariak laster hasiko duen proiektuan. “Euskal etxeen munduarekin ere ez dut harremanik; noizbait kontaktuan jarri izan naiz Guillermo Larreguiri buruzko informazioa eskatze aldera, baina besterik ez”, azaltzen du Gonzalez-ek. Baina euskal giroetatik hurbilk ez egon arren, iruinseme honen historiak harrapatu egin du eta horixe da hain zuzen datozen hilabeteetan pantailetara eramaten saiatuko den kontakizuna.

“Puerto Iguazukoa naiz eta oso txikia nintzela ezagutu nituen Guillermo Larreguiren pasadizo eta bizipenak”, kontatu dio Gonzalez-ek EuskalKultura.com-i. “Garai hartan oso arrunta zen Iguazuko ur jauzietara paseatu edo bainu bat hartzera joatea eta bertako jende helduak 'Eskorgako Euskalduna'ren istorioa kontatu ohi zigun edo artean zutik zeuden bere etxearen zati batzuk erakusten zizkigun. Beraz, irudi horrekin hazi nintzen, pertsonaiarengandik oso hurbil”, diosku Gonzalezek.

Baina sortzaile baten buru barnean hamaika istorio eta kontakizun ibili ohi denez, zergatik hain zuzen Larreguirena aukeratu, galdetu diogu Maximiliano Gonzalez-i: “Bat baino gehiago dira Larreguiren nortasunetik erakarri ninduten gauzak; egin zuen ahalegin fisikoaz gain gailendu nahi dut ametsak eta askatasuna lortzeko gizakiaren borroka eta horri buruz utzi zigun irakaspena. Hogeita bi mila kilometro egin zituen eskorga eskuetan eta horrekin batera pertsonaiak egiten duen barne bilaketak liluratzen nau gehien; 50 urterekin hasitako ibilbidean bere burua aurkitu zuen”, azaltzen du zuzendariak.

Dokumentala egiteko iturriak

Gonzalezek iturri zuzenak landu ditu dokumentala egiteko. “94 urteko Jose Gorgues jauna Iguazuko ur jauzietako parkeko lehenengo zaindaria eta Larreguiren laguna izan zen eta urte askotan haren gauzak gorde zituen  – Larreguik berari utzi baitzion dena – eta gauza horien artean iruinsemeak bere bidaietan osatzen joan zen karpeta eta paper-bildumak, egunkari zati, argazkiak eta hausnarketa batzuk daude. Dokumentalean gizonaren ibilbidea berreraiki dut, 1969. urtean, ur jauzietan eta bakarrik. Larreguiren pentsaera eta gogoetak berreskuratu, berak utzitako testuak eta Iguazuko jendearen lekukotasunak baliatuz”.

'Eskorgako Euskalduna' dokumentalak Argentinako Zinema Institutuaren saria jaso du otsailean, eta Telebista Digital berrian erakutsiko da. Hogeita sei minutuko luzera izango du eta Gobernu Nazionalaren babesa, diru-laguntza bidez. Egileen asmoa filmazioa apiril edo maiatzean hastea da, Iguazun bertan, eta irail aldera aurkeztea.

Maximiliano Gonzalez zinemagilea 1972an jaio zen Puerto Iguazun. Ikasketak Rosarioko Zinema Eskolan egin zituen, baita INCAAn eta Los Angelesko Unibertsitatean ere. Bere lanak nazioarteko zinemaldi askotan eman izan dira, Paris, New York, Viña del Mar, La Habana, Kiev eta Valdiviakoetan esaterako, batzuk aipatzearren.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia