Ayacucho, Argentina. Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxeak herriko bizitza sozialarekin duen lotura berritu egingo du aurten ere Fiesta Nacional del Ternero y Día de la Yerra-n (Txahalaren Jai Nazionala eta Markatze Eguna) parte hartuz. Mende erdi baino gehiagoko historia duen ospakizun honek landa-eremuko nortasuna du ardatz eta, besteak beste, euskal etorkinek eskualdeko ekonomian eta kulturan izandako garrantzia aitortzen du. Aurten, jaialdi nagusia martxoaren 8tik 15era izango da, eta milaka lagun bilduko dira "Patio de Tierra" gunean nekazaritzako tradizioez, musikaz eta herri kulturaz gozatzeko.
Baina Euskal Etxearen partaidetza duela hamar bat egun, joan den otsailaren 27an, hasi zen, euskal egoitzan egindako Hautagaien Aurkezpen Peñan. 150 lagun pasexe bildu ziren 19 hautagaiak ezagutzeko; tartean, Euskal Odola ordezkatzen duen Isabella Baldini gaztea. Bertaratu zen, besteak beste, Jai Batzordeko presidente Gustavo Taylor, saioa Martin Garciak gidatu zuen eta DJ Gustavo Oscozek eta bertako kantari eta musikarien bat-bateko partaidetzak girotu zuten ekitaldia. Ohi denez, afaria Euskal Etxeko laguntzaileen ardura izan zen.
Euskal karroza eta buruhandiak
Une honetan, arreta guztia datorren igandean, martxoaren 15eko goizean egingo den karrozen desfilean dago jarrita. Euskal Odolako hautagaiaren karrozak laguntzaile bereziak izango ditu: euskal etxeko dantzari txikiak eta bi buruhandi: euskal emakumea eta sukaldaria. Eszenografiak arbasoen ondarea islatu nahi du, herri kirolei eta euskal jokoen munduari tarte nabarmena eskainiz: pilota, harri-jasotzea, aizkora eta, jakina, mus jokoa. Zuzendaritza Batzordeko kideak gogor ari dira lanean dekorazioa prestatzen, Ayacuchoko ekitaldirik jendetsuenean Euskal Diasporaren izena ozen entzun dadin.
Aurrera, Euskal Odola!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


