euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Basque', Etxeparek euskaraz eta ingelesez kaleratu duen aldizkaria euskal kultura nazioartean zabaltzen laguntzeko

2026/03/11

Etxepare Euskal Institutuak plazaratutako ‘Basque. Creativity & Culture’ aldizkariaren lehenengo zenbakia martxotik eskuragai
Etxepare Euskal Institutuak plazaratutako ‘Basque. Creativity & Culture’ aldizkariaren lehenengo zenbakia martxotik eskuragai

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian.Basque. Creativity & Culture’ du izena aste honetan Etxepare Euskal Institutuak aurkeztu duen urtekariak. Proposamenak argi aitortzen du hasieratik “euskal kultura eta sorkuntza garaikidearen bizitasuna munduarekin partekatzearren” sortutako ekimena dela, gure kultura eta sortzaileak nazioartean zabaltzen lagundu nahian. Helburu hori buruan, euskara eta ingelesa izango dira aldizkariaren hizkuntza nagusiak, eta eskuratzea oso erraza izango da Institutuaren webgunean bertan.

Aldizkari berriak “Euskal Herriko kultur ekosistemari buruzko begirada zaindua eta gaurkotua eskaintzen du, sortzaileengan eta tokikoa eta globala bat diren istorioetan arreta jarriz”; eta hori argi islatzen da lehenengo aleko edukietan: tradizioaren eta berrikuntza batzen dituen Zetak fenomeno musikala; belaunaldi sortzaile berriak ordezkatzen dituzten artista bisualak; identitatearen eta diasporaren auziak hizpide hartuta, Gala Knörri egindako elkarrizketa; Etxepare Institutuak sustatzen dituen irakurletzei eta euskal ikasketen katedrei buruzko erreportajea; eta Beleren kultur gomendioak.

“Aldizkaria Etxepare Euskal Institutuko lantaldeak sortu eta koordinatu du, kanpoko sinaduren ekarpenekin eta Kiku Aromiren arte-zuzendaritzapean”, azaltzen dute Tabakaleran egoitza duen Institututik. “Ekimen honekin, Institutuak beste urrats bat eman du kultura nazioartekotzearen eremuan, Euskal Herria Europako kultur eragile garaikide gisa kokatuko duen kontakizun propioa eraikitzearen alde eginez. Gainera, ekimena Euskadi Globalaren kanpo-ekintza estrategiaren baitan kokatzen da”.

‘Basque. Creativity & Culture’ aldizkariak paperezko bertsioa badu ere –azoka profesionaletan, unibertsitateetan eta nazioarteko zirkuitu kulturaletan zabaltzeko tirada mugatua–, apustu nagusia da bertsio digitala; hau PDF formatuan eskura daiteke, era oso errazean, etxepare.eus webgunean.

Etxepare Euskal Institutua Instagramen, etxepareinst.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia