euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Plata: Euskal Kulturaren Egunean Gastronomia Korridorea, ikuskizunak eta Eguzkipean kanpalekua, EEen haztegi

2026/03/11

Asteburu honetan, La Platako Euzko Etxeak antolaturik, Euskal Kulturaren Egunaren edizio berri bat izango da City Belleko Aisialde Gunean. Dantzak, zuzeneko musika eta sukaldaritza tipikoa aire zabalean gozatzeko gau batean
Asteburu honetan, La Platako Euzko Etxeak antolaturik, Euskal Kulturaren Egunaren edizio berri bat izango da City Belleko Aisialde Gunean. Dantzak, zuzeneko musika eta sukaldaritza tipikoa aire zabalean gozatzeko gau batean

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Euskal kulturaren hitzordu garrantzitsua biziko du datorren asteburuan Buenos Aires probintziako hiriburuak. Larunbatean, martxoaren 14an, La Platako Euzko Etxea antolatzaile duen "Euskal Kulturaren EgunaGastronomia Korridorea ospatuko dute City Belleko Aisialdi Gunean, euskal egoitza sozialetik 10 kilometrora. Arratsaldeko 19etan zabalduko dira ateak eta, sarrera doan, publiko orokorrak euskal zaporez, musikaz eta dantzez gozatzeko aukera izango du. Horrez gain, gazteenentzako Eguzkipean kanpaldiaren bosgarren edizioa irekiko da, kirola eta aisialdia uztartuz.

Sukaldaritza izango da jaiaren ardatz nagusia. Chivilcoyko Amalur taldea eta Lomas de Zamorako Euskal Etxeko ordezkariak arituko dira sukaldean gonbidatu, Txapela sagardoak lagun. Aurtengo edizioan ahalegin berezia egin dute irisgarritasunaren alde: QR bidezko informazioa, gazteleraz, euskaraz eta braillez idatzitako menuakizango dituzte eta zeinu-hizkuntzako interpreteak arituko dira. Antolatzaileek ohar garrantzitsu bat zabaldu dute: segurtasun arrazoiengatik eta kutsadura gurutzatua saihesteko, ez da glutenik gabeko (TACC gabe) janaririk eskainiko.

Oholtza gainean, bertako EEko dantza taldeek —txiki, ertain zein nagusiek— eta kanpamenduko dantzari gazteek euskal dantzaren bizkortasuna nabarmenduko dute. Gaua biribiltzeko, Euzko Etxe laplatatarreko abesbatza, DOAko (Diasporako Orkestra Argentinarra) musikariak eta Pre-Cosquín jaialdian hiria ordezkatu duen Ballet Cimarrón taldea jendaurretuko dira. Euskal Herritik, berriz, Astigarragako Ioritz Goizueta Royo dantzari eta musikariak trikitixaren doinuak ekarriko ditu, bai ikuskizunetara, baita kanpamenduko tailerretara ere.

Jaialdiak erakusleiho aparta eskainiko dio euskal etxearen eguneroko martxari. Bertaratzen direnek La Platako Bixente Ibarguren eta Mari Aramayo peñen lana, muslariak, eta xare zein boleibol taldeak ezagutu ahal izango dituzte; baita itsuentzako futbol eta Goalball taldeak ere, beren jarduerak sostengatzeko gozokiak salduko baitituzte. Matxin Burdin liburutegiak eta Beltza zein Tximeleta ekintzaile berriek ere eurak egindako euskal artikuluak jarriko dituzte salgai. Gogoan izan, bestalde, eremuan seinale eskasa egon daitekeela eta, beraz, eskudirua eramatea gomendatzen dela, bai erosketak egiteko, bai aparkalekua ordaintzeko ($ 4.000 peso).

Gastronomia Korridoreak publiko orokor andana polita erakarriko duela pentsatzen da eta, aldi berean, 12 eta 15 urte arteko 70 gazte inguruk Eguzkipean kanpamendua bizituko du. Inguru zabal bateko euskal etxeetatik etorriko dira, Macachín, Chascomús, Cañuelas, Lomas de Zamora, Arrecifes, Magdalena eta Chivilcoyko lagunak izango dira, La Platakoekin batera, eta hainbat tailerretan hartuko dute parte, dantza, musa, danborrada eta zapigintza landuz, besteak beste "Gogotsu gaude euskal etxeetako lagunak hartzeko eta urtez urte hobetzen saiatzen garen ekitaldi honetaz gozatzeko" iragarri dio EuskalKultura.eus-i Andoni Azcarate ekitaldiko koordinatzaileak, eskualdeko euskal zentroen arteko adiskidetasun loturak sendotzea ekimenaren helburu nagusitzat aitortuz.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia