Santa Rosa, La Pampa. Oihartzun paregabearekin, Euskal Kulturaren Topaketa ziklo bat ari da garatzen Santa Rosan maiatzaren 3tik aurrera, euskal dantza ardatz hartuta, sei saiotan banatuta. Horietatik hiru, bikote, erronda eta beste plaza dantza batzuk dantzatzen ikastera bideratuta daude eta beste hiru, euskal dantza eta kulturari lotutako gai praktikoak lantzera. Lehenengo tailer praktikoa alpargatei zinta gorria nola josi ikasteko izan zen; bigarrena datorren larunbatean egingo da, ekainaren 7an, buruko zapia nola jantzi ikasteko; eta azkena, ekainaren 14an, panderoa jotzen hasteko. Antolatzaile, Zelaiko Euskal Etxea, La Pampako Kultura Idazkaritzaren babesarekin, doakoa da eta Ioritz Goizueta arduradun.
Dantzaria da Ioritz Goizueta. Baita pandero-jotzailea eta trikitilaria ere, 6 eta 8 urtetatik, hurrenez hurren. Horrez gainera, biologoa da. 30 urte ditu eta Astigarragatik (Gipuzkoa) dator. Eusko Jaurlaritzak sustatutako Global Training bekari esker iritsi zen La Pampara, hegazti harraparien ikerketa-talde batekin bat egiteko. Santa Rosan euskal etxe bat bazegoela jakinda ere, eta jakin-mina sortu bazion ere, hirian bertan egon arte ez zuen harremanik izan bertako euskal komunitatearekin. Txiripaz gainera. Izan ere, bere ikerketa proiektuko zuzendaria euskal jatorrikoa zen eta lotura estua zuen Euskal Etxearekin, bere arreba bultzatzaileetako bat baita. "Hortik aurrera, harremana azkar eta oso modu naturalean eman zen", kontatu dio Ioritzek EuskalKultura.eus-i.
Erronda-dantzak Euskal Etxearen egoitzan, adin guztietarako
Ioritzen lanaren ondorioz sortutako Zelaiko Euskal Etxeko dantzari talde berria
Urte hasieran, Zelaiko Euskal Etxeak hiriko Gizataldeen Jaian parte hartzeko gonbitea jaso zuen, baina abagune hartan ez zeukaten dantza talde egonkorrik. Euskal Etxeko zuzendariek, Santa Rosan Euskaditik etorritako lau bekadun zeudela jakinda, interesa zuten pertsonei deialdia egitea proposatu eta plaza-dantza batzuk irakastea proposatu zieten. Apirilean, taldeak erakustaldi bat eskaini zuen festako oholtzan eta arrakasta handia lortu zuen. Esperientzia hartatik sortutako berotasuna hain izan zen handia, non dantzari hasiberriek Ioritzi eskola batzuk gehiago eskatu baitzizkioten fandangoa eta arin-arina dantzatzen ikasteko. Horrela sortu zen gaur egun garatzen ari den ziklo kulturala. Saio bakoitzean, 12-15 lagun elkartu ohi dira, adin guztietakoak, gehienak Santa Rosakoak, baina baita Toay eta Macachinekoak ere, besteak beste.
Jantzi folklorikoen garrantzia
Argentinara iritsi eta gutxira, Ioritzek jakin zuen ez zegoela zinta gorridun alpargata zuriak saltzen dituen dendarik, dantzari bakoitzak bereak josi behar zituela, eta, gehienetan, borondate handiz eta erreferentziarik gabe. Antzeko zerbaitetaz ohartu zen emakumeen zapi zuriaren erabilerari buruz. Horregatik, gai horiei buruzko bi topaketa praktiko antolatzea erabaki zuen. "Beti iruditu izan zait dantzarien jantzi folklorikoek dantzek bezainbesteko garrantzia dutela eta, beraz, ezin dela gauza bat irakatsi besteari arreta berdina jarri gabe", azaldu digu.
Goiz gutxi batzuk eta ikasketa partekatu askoren ondoren, zikloa amaitzen ari da eta itxiera berezia izango du. Azken saioa, ekainaren 14an, pandero tailerra izango da, baina ez da Euskal Etxean izango, parke batean baizik eta Elikagai Osasungarrien Azokaren baitan. "Dantzariz jantzita joango gara eta tailerraren ondoren plazako dantzak irakatsi eta mundu guztia dantzatzera gonbidatuko dugu. Erromeria herrikoi moduko bat izango da". Eta honako hau gehitzen du, ia agur gisa: “Hau guztia bizi ondoren, 'Diasporan' pentsatzerakoan, hona etorri baino lehen erbesteaz neukan irudia datorkit burura oraindik ere, baina guztiz bestelako ikuspegi argitsuago batekin: jada ez da historia liburuetan zaharkituta geratutako pasarte baten isla, baizik eta euskaldunon oinordekoen energiaz eta alaitasunez egunero bizirik mantentzen den sugar ederra”.