euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Winnemucca-ko Martin Hotel euskal ostatu historikoa, Leire Urbeltz-en euskal emakumeei buruzko mural batez edertua

2025/06/06

The Martin Hotel (1898), Winnemuccako euskal ostatu historikoetako bat, Leire Urbeltzen euskal emakumeei buruzko mural batez edertua
The Martin Hotel (1898), Winnemuccako euskal ostatu historikoetako bat, Leire Urbeltzen euskal emakumeei buruzko mural batez edertua

PUBLIZITATEA

Winnemucca, Nevada, AEB. Arrakastatsu egin zen joan den asteburuan, maiatzaren 29tik ekainaren 1era, "Winnemucca Murals & Music Festival", ipar Nevadako herri honetako bigarren mural eta musika jaialdia . Deialdiari erantzunez, nazioarteko eta nazio barneko 23 muralistak hartu zuten parte eta, bertan sakon errotua dagoen euskal kultura margolanetako askotan izan da irudikatua. Euskal Herri bertako partaidea jaialdian, Leire Urbeltz muralista iruindarra izan zen eta berak margotutako muralak genero ikuspegi berria eskaintzen du Winnemuccako euskal komunitateari buru, bere 'mihisea', gainera, Winnemuccako euskal ostatu historikoetako baten horma izan zelarik, euskal immigranteen lehenengo belaunaldiari abegia eman zion Martin Hotel ostatua, egun ere bere 'Basque' markarekin zabalik eta aktibo segitzen duen kantina eta jatetxea.

Artistak berak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “Obra, apirilean egindako ideia-jasa batean parte hartu zuten emakumeen ideien mosaiko bat dela esan dezakegu. Saiatu naiz han mahaigaineratu ziren ideia guztiak erabiltzen eta parte hartzaile batek bidalitako argazki batekin artikulatu ditut. Argazkiak jokoan, musean ari den neska gazte bat islatzen du".


Argazki batean inspiraturik, begirada berriak proposatzen ditu artista nafarrak, neska musean


Kartetan, hurrenez-hurren, aizkolaria, 'cowgirl'a, dantzaria, sukaldaria eta Joan Errea irakasle-idazlea

“Karten bidez eta genero ikuspegitik Winnemuccako euskal komunitatearen berrirakurketa egin daiteke. Bertan, alde batetik, komunitatea zaintzen egin duten lanarengatik goraipatzen diren sukaldaria eta irakasle-idazlea agertzen dira. Beste alde batetik, kulturaren biziraupena bermatzen duen dantzaria eta genero rol tradizionalak kolokan jartzen dituzten aizkolaria eta arrantxo bizimodura egokitu diren Basque-American cowgirl bat ere agertzen dira”, azaltzen du lanaren kontzeptua margolari nafarrak. Rol eta lanbide horiek, gainera, euskal komunitateko egungo egiazko emakumeetan oinarritzen dira.


Ezkerreko argazkian, Leire Urbeltz muralaren aurrean; eskuinekoan, Leirek idatzitako eskaintza "Leire Urbeltz @lur_is_land inspired by the oral histories of Lianne & John, Ana Mari, Maureen, Paige, Lor, Joyve, Carla, Joanna, Tiana, Amaia & Pilar. Special thanks to the Martin Hotel, Eric, Michelle & Justin ♥"

Jaialdiko beste euskal ikur batzuk

Jaialdiko gainerako hormairudietan, herrian hain sustraituta dagoen euskal kultura irudikatzen duten beste lan batzuk ere egin ziren. Australian bizi den Heesco artista mongoliarrak, adibidez, Godalet Dantzako eszena bat (dantzaria edalontziaren gainean) margotu zuen. Bill Louis artistak bestalde, euskal dantzariak nazio indigenen ikur sakratuekin 'elkarrizketan' jarri ditu eta Dusty Ham margolariak ere margotu zituen euskal dantzariak, bere kasuan, fandangoa dantzatzen.

- Leire Urbeltzen weborria, hemen
- Leire Urbeltz Instagramen, lur_is_land



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia