euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Winnemuccak, Nevadan, bere Hormairudi eta Musika I. Jaialdia egingo du asteburuan, euskal ikutu nabaria lagun

2025/05/30

Bertako 'Dusty Ham' muralista eta kantariak aurreratu egin du bere hormairudia, eskualdeko euskal tradizioen gorazarre
Bertako 'Dusty Ham' muralista eta kantariak aurreratu egin du bere hormairudia, eskualdeko euskal tradizioen gorazarre

PUBLIZITATEA

Winnemucca, Nevada, AEB. Nevadako Winnemucca hiriak bere lehenengo "Winnemucca Murals & Music" jaialdia egingo du maiatzaren 31ean eta ekainaren 1ean, datorren larunbat-igandean. Musika eta kaleko muralak uztartzen dituen topaketa festa honi ez zaizko euskal ekarpenak batere arrotz egingo, programak 'euskal' marka duten muralak, taldeak eta gertalekuak bilduko baititu, mural batzuetan, ekitaldiei abegia emango dieten Ormachea edo Martin euskal ostatuetan, edota Winnemucca bertako Euskaldunak Danak Bat Euskal Etxeko 'Irrintzi' dantzarien partaidetza tarteko.

"2025 Winnemucca Murals & Music" ekitaldiak errezibituko dituen artisten artean, Iruñetik etorrita Nevada-Renoko Unibertsitatean ikasketa egonaldia garatzen ibilitako Leire Urbeltz muralista, ilustratzaile eta ikertzailea, Winnemuccara Australia, Mexiko eta Argentinatik eta AEB osotik etorritako artisten artean. Hortxe da baita ere, bertako Dusty Ham estatubatuarrak eskualde honetako euskal ondare eta tradizioei erreparatuz euskal dantzariak eta lauburua protagonista azkeneko egunotan egin duen hormairudia, asteburuko programaren iragarle.


Dusty Ham-en murala euskal gaiaz. Artista bihar kantari gisa jardungo da bihar Jaialdian bertan


Euskal ikur eta keinuak hirian zehar dauden euskal dena eta negozioetan


Jaialdiko programa, asteburukoa eta beroketa egunetakoa, kontzertu batzuk euskal kantinetan


Gure artxibotik, Winnemuccako Humboldt Museoko 'Basque Exhibit' inauguratu zutenekoa 2023ko abenduan

Bere-berea duen euskal kultura eta tradizioak bertakotuta daude Winnemuccan. Euskal immigranteak aspaldi errotutako lekua, Winnemuccak bigarren, hirugarren eta laugarren belaunaldiko euskal-nevadatarrak dauzka bere biztanleen artean. Urte askotan, bere ate-gainean Nevadako hotelik zaharrena zela aldarrikatzen zuen Winnemucca Hotela, 1863an sortua, ikono izan zen hemen, Miguel Olano busturiarra nagusi, 'Basque family style' markarekin. Herrian segitzen duen Martin Hotela ere, historiaduna da, 1898an sortua; marka bertsupeko Ormachea jatetxea, azkenik, 1978koan ireki zuten, eta egungo jabeak euskaldunak ez badira ere, eusten diote estilo, dekorazio eta giroari.

Programak iragartzen du, euskal partaidetzei dagokienez, beroketetan, maiatzarren 30ean, ostirala, 19:00etatik 21:00etara, musika The Coffis Brothers-ekin Martin euskal hotelean. Larunbatean, berriz, artistek muralak egingo dituzte egun osoan hiriko hainbat lekutan. Eta bertako Euskaldunak Danak Bat Euskal Etxeko Irrintzi dantza taldeak 14:30etatik 15:00etara eskainiko du bere emanaldia oholtza nagusian. Gogoratu Leire Urbeltz euskal muralistak bertako euskal emakumeei buruz pintatzekoa dela bere hormairudia, apirilean deitu zuen gai-aholkuak jasotzeko bileraren ostean. Asteburu honetan ikusiko emaitza.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia