euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diaspora zinez partaide igandean Erramun Martikorena lagun Baigorrin 40tik gora kantarik eman zuten kontzertuan

2025/06/06

Diaspora, bereziki AEB & Kaliforniakoa, erabat present egon zen Erramun Martikorenaren kantaldian Baigorrin, bertako errealitateko parte
Diaspora, bereziki AEB & Kaliforniakoa, erabat present egon zen Erramun Martikorenaren kantaldian Baigorrin, bertako errealitateko parte

PUBLIZITATEA

Baigorri, Nafarroa Beherea. Kantaldi hunkigarri, jendetsu, partehartzaile eta eder askoa joan den igandean Baigorrin eman zutena, 40tik gora euskal kantari bilduta Erramun Martikorenarekin eta Erramun Martikorenari kantatzeko. Baigorriko eliza jendez mukurru zen, 700dik gora pertsona, hain ahots adierazgarri eta paregabeko baigorriarra txalotzeko. 82 urte dituen Erramun Martikorena, 'Oxobi', hunkitu zen hamaika lagun kantari eta jendearen maitasuna hain hurbil sentituta, Irulegiko Irratia ekitaldiko antolatzaile.

Gure Diaspora helburu eta solasgai dugun buletina gara, eta hain bertan dagoela askotan ikusten ez ditugun xehetasunak nabarmentzea tokatzen zaigu Diaspora hizpide. Jakina baita Baigorri eta Aldudeko ibar osoa, Baxenabarre osoa bezalaxe, gure diasporari oso lotutako lurraldea dela. Lerro hauetan, bere seme kuttunenetako baten ohoretan egindako ekitaldia aipatuko dugu, azaleratuz, baina, zergatik diogun Diaspora bertan partaide izan zela, lehen bistadizoan eskuorrietan halakorik ageri ez bazen ere. Aritu ziren kantarien berri eman aurretik, esan dezagun Erramunen ama Kalifornian jaiotako euskalduna zela, eta Erramun ibilia dela AEBko euskal komunitateetan kantari. Diaspora, beraz, sortzetik eta etxetik Erramun Martikorenaren bizitzako parte.


Kantiruki taldekoek, guztiak Kalifornian jaiotako euskaldunak, cowboy kapela jarri zioten txalo artean Erramuni

Guk nabarmenduko ditugun datuez gain, seguru askoz ere lokarri gehiago daudela igandean kantatu zuten abeslarien eta Diasporaren artean. Begibistakoa egin zenatik hastearren, Diasporari lotutako euren izaera azpimarratu zuten Kantiruri emakume laukoteko partaideak, cowboy kapela ipini ziotenean buruan Erramuni, oholtzan berarekin "Agur Ameriketako euskaduner" kantua kantatu zutenean, azpimarratuta Kalifornian jaiotako euskaldunak direla, geroago hona etorri eta hemen bizitza egin dutenak. Urrunegi ez da joan behar ere, Aire Ahizpak kantarien konexioa topatzeko, aita Mixel Kalifornian ibili baitzen artzain, euren aitatxi Xalbadorrek "Semeari" bertsoetan hunkigarriro islatu zuenez; baina denboran atzerago ere, Xalbadorren familiaren parte esanguratsu bat Estatu Batuetan dagoela behar da esan eta, besteak beste, Kalifornian ezagutu zutela elkar bertsolari handiaren aitatxi-amatxik, orduko Bastanchury euskal arrantxo famatuan, eta Anaheim-eko St. Boniface elizan ezkondu zirela 1886ko urriaren 9an. Geroago, harat-hunatak familian, batzuk Europako Euskal Herrian eta beste batzuk AEBko euskal herrietan biziz.

Baigorriko kantaldiko hasteko kantuetan Mikel Markez izan zuen lagun Erramun Martikorenak. Markezen loturak Kaliforniarekin berriagoak dira, bera baita bertara bidaiatu eta Noka emakume kantu hirukote euskal-kaliforniarrarekin bat egin duena gitarra jo eta kantatzen, haien diskoetan ere parte hartuz. Aldudeko Magali Zubillaga eta Guy Saldubehere kantariek, bakoitza bere aldetik, konexioak dauzkate, Magaliren kasuan Nevada eta Renoko Zubillagatarrekin, jatorria Esnazun; eta Guy-k Buffalo, Wyoming-en, bertan bizi baitu osaba txikia, Batista Juanikotena eta haren seme Johnny, baina baita Txile aldean ere, Elizondon jatorria duten Juanikotenatarrak, Viña del Mar-Valparaison.


Pariseko bizitzea ezagutu zuen Niko Etxart-ek eta Erramunek "Agur Xiberoa" kantatu zuten


Azken kantua, Manex Pagolaren "Erradak irrintzina", kantari guztiak eta publikoa ere gogoz partaide

Kantaldian "Iruñeko ferietan" abestu zuten Bankako Menditarrak taldekoek ere harreman ugari Diasporan, besteak beste kideetako bi Guy Saldubehere-n osabak baitira. Benito Lertxundiren "Erribehera" kantatu zuten Mixel Ducau eta Caroline Phillips-ek. Caroline, jakina denez, San Frantziskon jaio zen, eta aspaldi etorri zen, Parisera lehenik, eta gero Euskal Herrira, ederki asko euskalduntzeko. Mattin Lerissa kantari behorlegitarra, bere aldetik, ongi oroitzen dugu Kalifornian Mixel Ducau-rekin kantari ibilia; eta Mixel Ducau Ipar Ameriketan, Kanadan ere, ibilia da kantuz euskaldunen eta ez-euskaldunen artean. Irulegiko Irratiari eskaini zioten Mixel eta Mattinek, izenburu ezinegokiagoa duen "Euskal Irratia lokarri" kantua.

"Agur Xiberoa" kantua ere ezinegokiagoa. Niko Etxart-ekin kantatu zuen Erramunek, eta Niko bera, Xiberoko Altzürükü-n jaio, baina Pariseko Diasporan hazitako euskalduna da. Segidan euren ondotik, Xiberoko bigarren ordezkari handi bat, Jean-Mixel Bedaxagar, honek ere familiakoak Kalifornian eta Nevadan izan zituena, Erramunekin Etxahun-Iruriren "Goizian Argi Hastian" kantatuz. Eta zer esan azken aurreko abestiaz, "Kantuz sortu naiz eta" eder bezain ezaguna, hitzak Uruguaitik euskaldun eta bertsolari izan zen Jose Mendigue aldudarrak eginak, kasu honetan Erramunen iloba Solange Añorga sopranoak kantaturik, Parisi lotua hau ere. Azkeneko kantua, Manex Pagolaren "Irrintzina", parte hartutako kantari guztiek batera kantatu zuten, Erramunen arreba Angéle Martikorena Añorga ere barne. Amaitzeko, azken-azkeneko kanta "Baigorriri" izan zen (Oskorri-Jon Sarasuaren "Topa dagigun" ere kantatu zen, Baigorriz egiten duen erreferentziarekin).

- Ikus kontzertuko argazkiak (Lorentxa Saragueta egile) EKE Euskal Kultur Erakundearen webgunean

(barkatu bideoen kalitateagatik, lekukotasun emaile sartu ditugu)



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia