euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal emakumeei buruzko mural berria Winnemuccan, Leire Urbeltzek, Zoe Bray eta Alex Arciniega lankide egina

2026/06/08

Euskal emakumeei omenaldi berria, Leire Urbeltzen eskutik, Winnemuccako Martin Hotelean
Euskal emakumeei omenaldi berria, Leire Urbeltzen eskutik, Winnemuccako Martin Hotelean

PUBLIZITATEA

Winnemucca, Nevada, AEB. Bigarren urtez jarraian hartu du parte Leire Urbeltz muralista iruindarrak "Winnemucca Murals & Music Festival" izena hartzen duen jaialdian. Festa maiatzaren 28tik 31era luzatu zen eta aukera bikaina eman zion artistari herriko Martin Hotelean iaz hasitako lanari jarraipena emateko. Winnemuccako ‘Martin Hotela’ euskal etorkinen lehenengo belaunaldiari abegia eman zion ostatu historikoetako bat. Eta Leire Urbeltzek, euskal komunitatea eta migrazio prozesuak gertutik ezagutzen dituzten beste bi laguntzaile bildu zituen murala margotzeko: Zoe Bray eta Alex Arciniega.

“2025ean pintatutako murala abiapuntu hartuta, autengo diseinuak ere ildo bereari eutsi eta segitzen du omenaldi izaten Winnemuccako euskal komunitateko emakume zaintzaleei eskainia”, azaldu dio Urbeltzek EuskalKultura.eus-i, inspirazio iturri bezala egun bizirik den —eta muralaren lekuko izan den— Ana Mari Smith euskal amerikarra hartu duela aitortuta.


Martin Hotel historikoan dauden bi muralak: iazkoa (eskuinean) aurtengoa (ezkerrean)


Bere euskal-amerikar istorioarekin inspirazio iturri izan den Ana Mari Smith, mural berriaren aurrean

“Anak kontatu zidan bere aita dagoeneko AEBko mendebaldean lanean ari zela, amak bakarrik bidaiatu zuela Iruñetik, 1959an... zortzi seme-alabarekin. Atlantikoa zeharkatu eta 5.000 miliatik gorako bidea egin behar zuen… Horretaz pentsatzen dudanean mirespen sakona baino ezin dut sentitu. Mural honek emakume hori irudikatzen du, eta historian zehar halako egoera gogorrei aurre egin behar izan dieten emakume guztiak; errekonozimendu gutxi edo batere jaso ez duten emakumeen sinboloa da”, jadierazi digu nafar artistak.

Zoe Bray eta Alex Arciniega lagun

Iazko muralean irakur daitekeen "elkarrizketa kontzeptualari" jarraipena emateko asmoz, Zoe Bray eta Alex Arciniega gonbidatu zituen Leirek. Zoe Bray Parisen jaioa, euskal jatorriduna –lotura sendoa dauka Ipar Euskal Herriarekin– eta egun Estatu Batuetan bizi dena. Harreman estua dauka euskal diasporarekin eta baita migrazio prozesuekin ere. Horma-irudian hori ere islatzeko, bi maleta "bete" zituen Zoek. Batean, aitzurra eta kaiku bat margotu zituen; bestean, Nevadako artzain txapelketetan parte hartu zuten emakumeak, “haiek ere izan baitziren protagonista, nahiz eta duela gutxi arte gizonek bakarrik jasotzen zuten horren errekonozimendua”, azaldu digu Bray-k. “Migrazio behartua, eta zokoan geratzea genero arrazoiengatik gaur egun ere gertatzen dira eta horregatik ere pintatu dugu murala”, azpimarratu du.


Ezkerrean, Alex Arciniegak margotutako enarak; eskuinean Zoe Bray-ren 'Artzain Lehiaketan', emakumea protagonista

Alex Arciniega nevadatarraren irudietan, bat egiten dute Winnemuccako eta Pirinioetako Erronkariko mendiek. “Margotutako hiru enarak esanahi anitzekoak suertatzen dira: iragana, orainaldia eta etorkizuna dakarkigute; Nevadaren eta Espainiako eta Frantziako euskal komunitateen arteko lotura; eta espartin lantegietan lan egitera Pirinioen alde batetik bestera joaten ziren ‘enarak’, bereziki bidean hil ziren hiru haiek”, azalzen du Arciniegak. Irudian Winnemuccako euskal komunitatean gaur egun ikurri diren espartin tradizionalak agertzen dira.

Aipatzekoa da, bestalde, muralen jaialdi winnemuccatar honen aurtengo edizioan margo-lana egindako beste artista batek, bertako Bryce Chrisholm-ek, euskal dantzari bikote bat ere margotu zuela, kasu honetan South Bridge eta Giroux kaleetan, lerri hauen azpiko ilustrazio bikoitzean ikus daitekeenez.


Bryce Chrisholm-en Winnemuccako euskal dantzariak

Doktoradutza euskal horma-irudiez

Leire Urbeltz doktoretza ikasketak ari da egiten gaur egun Nevada-Renoko Unibertsitatean, eta ‘Mendebaldeko Amerikako euskal-amerikar muralak’ hautatu du tesi-gailegez. Karia horretara eskualde zabal honetan dauden muralen istorioak biltzen ari da, eta horregatixe gonbidatu nahi die pintura hauei buruz informazioa izan dezaketenei dutenei —pintatu zutenei, egiteko proiektuaz arduratu zirenei edo datuak izan ditzaketenei— mural horiek atzean dituzten istorioak kontatzera. Lagundu nahi baduzu, idatzi hona: l.urbeltz@gmail.com.

- Leire Urbeltzen weborria, hemen
- Leire Urbeltz Instagramen, lur_is_land



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia