San Nicolás de los Arroyos, Argentina. Argentinako 2001eko krisi sozioekonomikoari komunitateak emandako erantzunetik sortua —familia xumeenak seme-alabei normaltasunez jaten emateko arazotan zeudela—, San Nicolaseko Euzkal Etxearen 'Etxe Nasaia' proiektu solidarioak indartsu jarraitzen du gaur egun ere. Hilabetean behin, San Nicolasko euskal etxea topagune eta ezagutza zabaltzaile bihurtzen da dozenaka eskola haur eta gazterentzat. Joan den astean egindako azken saioan, Colegio Americano Integral ikastetxeko Turismo orientazioko 4. eta 5. mailako 58 ikasle errezibitu zituen etxeak. 15 eta 16 urte arteko gazteekin batera, zentroko zortzi irakasle ere hurbildu ziren.
Ohi bezala, elkarteko lehendakariak, Ana Erauskinek, egin zien harrera bisitariei. Sarrera-hitzaldian, euskal etxearen historia eta helburuak azaldu zituen, eta, besteak beste, patioan hazten den Gernikako Arbolaren kimuaren esanahiaz edota Gabriel Arestiren poesiaz aritu zitzaien. Euzkal Etxea-ko erreferenteak ikasleon "jarrera bikaina eta egundoko portaera" nabarmentzen du. Bisitaldian, Begoña Tiseraren eskutik, euskarari buruzko azalpenak ere entzun zituzten eta taldea 'agur' eta esaldi sinpleak erabiliz jolastu zen. Jarduerak ikus-entzunezko murgiltze bat ere bildu zuen, Euskal Herriko geografia, historia eta Argentinan urtero ospatzen diren Euskal Aste Nazionalak ezagutzearren.
Ana Erausquinek euskal sukaldaritzaren sekretuak partekatu zituen ikasleekin
Rubén Vázquez eta Renzo Marínek ekarritako musika eta dantzek bizitasuna eman zioten bisitari. Euzkal Etxea-ko bi musikariok euskal musika-tresna tradizionalak aurkeztu zizkieten —txalaparta, txistua, panderoa, alboka eta trikitixa— eta gazteak hantxe bertan eskuetan hartu eta jotzera, edo jotzen saiatzera, animatu zituzten, ondoren denak gogoz dantza borobiletara bilduz.
Eguerdi aldera, gosea agertzen hasi eta sukaldeak hartu zuen protagonismoa. Errezeta azaldu ostean, taldeak paella oparo batez gozatu zuen, Luca Massimik eta Alfredo Lasca, Mercedes Jara, Ailín Mobio nahiz Erausquin bera kide zituen sukaldari taldeak prestaturik. Jardunaldia amaitzeko, ikasleek Euskal Herriari buruzko informazio-liburuxkak eta Euzkal Etxearen tailer zein ikastaroen agenda jaso zituzten, bertako ekintzetan parte hartzeko gonbidapen irekiarekin.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


