Donostia-San Sebastian. Munduko unibertsitateetan Euskara eta Euskal Kultura irakasten duten hamahiru irakasle bildu ziren joan den uztailaren 11an Donostiako Tabakaleran, Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Irakurleen topaketaren 8. edizioan. Egun osoko bilerak, irakasleok elkar agurtu eta elkarrekin solasteko eta beren esperientziak aipatu eta trukatzea izan zuen helburua eta, aurreko urteetan bezala, elkarrengandik ikasteko aukera ederra izan zen.
Lanari ekin aurretik, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Monika Madinabeitia Etxepareko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak ongietorria eman zieten irakurleei. Beñat Flores ikertzaile eta irakasleak bideogintza arloko formazioa eskaini zien. Mugikorraren bidez bideoak editatzeko tresnak ezagutzeaz gain beren bideo bat sortzeko aukera ere izan zuten euskara irakasleek.
‘Bikaintasuna Euskal Ikasketetan’ XV. edizioko irudiak, EHUko Donostiako Udako Ikastaroen baitan
Topaketa barruan, Monika Madinabeitiak Etxepare Euskal Institutuak datorren ikasturteari begira irakurleei eskainiko dizkien berrikuntzak aurkeztu zituen eta Etxepare-ko lantaldeak eta irakurleek Institutuak antolatutako liburu-azokan euskara eta euskal kulturari buruzko argitalpenak ikusmiratu eta eskuratu ahal izan zituzten beren eskoletan erabili ahal izateko.
Munduko Unibertsitateetako Irakurleen Topaketa hau Etxepare Euskal Institutuak EHUko Udako Ikastaroekin batera antolatutako ‘Bikaintasuna Euskal Ikasketetan’ 15. edizioaren ondoren gauzatu zen, Donostiako Miramar Jauregia egoitzan,, uztailaren 9an, ‘Nola kontatzen dugu euskara?’ gaiaren inguruan.