Buenos Aires, Argentina. Ez da kantari, pianista eta musikari trebe arabar gazte honek Atlantikoa zeharkatzen duen lehen aldia. Izan ere maiatzean kontzertu sorta eskaini zuen Kolonbian, BIME jaialdiaren baitan, Bogotán zein Cali eta Pereira hirietan ere. Oraingo bidaiaren helmuga, Rio de la Platako herrialdeak dira, bertan “De amar y desandar” bere azken diskoa aurkezteko eta Euskal Herriko kantutegiko abesti batzuen bere bertsioa ere, artista honek dakien modu, ahots eta estilo ederrean. Idoiak Maia Prieto izango du lagun bibolinean bira osoan.
Hiriburu uruguaitarreko kontzertua datorren igandean bertan da, urriaren 19an, arratsaldeko 4etan Montevideoko Udal Velodromoan, Sonorama Uruguay'25 jaialdiaren bigarrengo edizioan. Uruguai eta Argentina bertako musikari ezagunak izango ditu oholtzakide, tartean Zoe Gotusso, El Kanka, Mocchi, Ainda edo Sofía Álvez. Kartelak 'Idoia' bezala jasotzen du bere partaidetza, abizenik gabe, hori baita sarri askotan artistak erabiltzen duen izen artistikoa. Sarrerak, hemen.
Zuzenean egindako grabaketa Gasteizko Jazzaldian 2021ean
Uruguai eta Argentinako biran aurrera, kantari aramaiotarrak Rio de la Plata zeharkatu eta beste ertzean Buenos Airesen joko du, urriaren 21ean, 19:00etan, Espainiako Kultura Zentroan (Centro Cultural Español), Paraná 1159 helbidean. Sarrera doan, eta sarrera iristeko ordenaren araberakoa izango da aretoaren edukiera bete arte. Idoiak izango du bestelako jendaurretzerik hiriburuan, 22an San Telmon modu ez-formalean arituko baita, emanaldi ireki batean, auzoko tabernetako batean.
Ostegunean, urriaren 23an, Idoia eta Maia San Martín de los Andeseko paraje paregabeetara mugituko dira, geldialdi eta kontzertu oso berezi batean, Lácar lakuaren ertzean Andeen magalean dagoen herri honetakoa baita Maia. Emanaldia La Frate vermuterian izango da, 21etan, sarrera irekia.
Ondoko geldialdia argentinar lurraldeetan kostaldera garamatza atzera, Necocheara, urriaren 29an. Asteazken horretan, 19:30etan, hiriko Euzko Etxeak errezibituko ditu Idoia eta Maia. Bertako Irungaray aretoan eskainiko dute kontzertua, sarrera libre eta doan, euskal erakunde necocheatarra bere 80. urteurrena ospatzen ari den urte honetan.
Eta bertatik, Tandilera, Argentinako 2025eko Euskal Aste Nazionalean parte hartzera. Euskal Astean bitan arituko dira: urriaren 30ean, osteguna, Sagardotegi Gauean, Gure Etxea Euskal Etxean (sarrerak hemen); eta 31an, ostiraleko erromerian (sarrerak, hemen), 11etan, juxtu Zetak taldearen emanaldiaren aurretik. [Gogoan hartu hasieran igandean, azken agurreko bazkalostean behar zuela kantatu, baina azkenean ostiralera aldatu dela]
- Idoia Spotify-n
- Youtube-n
- Instagram-en
- Facebook-en
- Idoiaren webgunea: idoiaasurmendi.com