Sao Paulo, Brasil. Helena Taberna zinemagile nafarra Brasilen dabil egunotan, izan ere Sao Pauloko Nazioarteko Zinema Erakustaldiaren 49. edizioan Nosotros bere azken pelikula aurkezten. Zinemaldiko saioetan parte hartzeaz gain, beste bi aktibitatetan ere hartuko du parte euskal zuzendariak: hiriko Pintxos Tabernan egingo den Kultur Topaketan eta Sao Pauloko Cervantes Institutuak antolatutako hitzaldian.
Pintxos taberna ‘Casa Guernica’ elkartearen ekintza askoren egoitza izan ohi da eta bertako euskal giroan, euskal jateko eta edateak inguratuta, ekoizpe eta zuzendari altsasuarra Sao Paulora ekarri duen filmari buruz eta oro har bere ibilbide eta zinemagintzari buruz mintzatuko da. Hitzordua gaur bertan, urriaren 17an ostirala, gauzatuko da, arratsaldeko 8etatik aurrera.
Helena Tabernaren 'Nosotros' (2025) azken filmaren trailerra
Cervantes Institutuko hitzaldia, berriz, urriaren 21ean izango da, 7etan, Tatal Amaral Brasilgo zinema zuzendaria aurkezle. “Tatal Amaral Brasilgo zinemagile nabarienetako bat da; bere filmetan gizartearen arazoak jorratzen ditu, ikuspuntu kritiko batetik”, jakinarazi dute antolatzaileek. Bi elkarretaratzeotan zuzendari nafarrak aukera izango du bertako adituekin, euskal gizataldeko lagunekin eta publiko orokorrarekin hitz egin eta iritziak trukatzeko, batez ere bere lanari eta sorkuntza prozesuari buruz.
Tabernaren bidaiaz, Casa Guernica elkartetik azaldu dute euren 2025eko ‘Gernika Viva’ astera gonbidatu zutela, baina orduan ezin izan zuela bidaiatu. “Horregatik oso pozik gaude orain, Cervantes Institutua eta Lamia ekoiztetxearekin batera burutu ahal izan baitugu asmo hura”, diosku elkarteko buru Iván Zumaldek.
Helena Taberna zinema zuzendari, gidoilari eta ekoizlea da. Metraje labur eta luze ugariren egile, bere sinadura daramate, besteak beste, Yoyes (2000), Extranjeras (2003), Nagore (2010), eta Varados (2019) filmek, batzuk aipatzearren. Nosotros (2025) lanarekin Bilboko Silver Film Festival saria eta Donostiako Giza Eskubideen Zinema Jaialdiko 2025eko urteko saria irabazi ditu.