euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Luis eta Rodrigo Arduino, Venado Tuertotik mundura: ‘Yo Pelotari’ Facebook kontuaren atzean, pasioa, lana eta bidaiak

2025/10/17

Rodrigo eta Luis Arduino 'Torneo del jamón' Txapelketan, Iruñean
Rodrigo eta Luis Arduino 'Torneo del jamón' Txapelketan, Iruñean

PUBLIZITATEA

Venado Tuerto, Argentina. “Yo pelotari’ 2016an sortu zen, lagunen arteko erreki-afari batean. Euskal Pilota eta honen inguruko gaiak dira nire pasioa eta askotan hitz egiten dut horri buruz. Baina nire lagun batek, afari horretan, esan zidan: ‘Utzi pilotaz hitz egiteari, inork ez zaituzte ezagutzen-eta…’. Bere hitzak entzutean konturatu nintzen zeozer behar nuela egin kirola bere modalitate guztietan ezagutarazteko; baina ez bakarrik kirola,baita ere euskal pilotak Argentinan daukan garrantzia ere. Eta hori izan zen helburua ‘Yo pelotari’ri ekiteko”.

Pasadizo honekin azaltzen du Rodrigo Arduinok Luis bere aitarekin batera sortu zuen ‘Yo pelotari’ proiektuaren hasiera. Gaur egun, Rodrigok jakinarazi digunez, 60 mila jarraitzaile dituzte sare guztietan (Facebook, Instagram eta Youtube), gehienak Hego eta Ertamerikakoak baina baita Europakoak -batez ere Euskal Herrikoak, Espainiakoak eta Frantziakoak– eta Estatu Batuetakoak ere. Egunero berritzen dute sareetako edukiak eta txapelketen zuzeneko transmisioak egiten dituztenean –esate baterako urtero Iruñetik egiten duten ‘Torneo del Jamón’ delakoa– 300 mila bistaratze ere lortzen dituzte. “Agian youtuber batentzat kopuru hau gutxi da, baina gure publikoa nitxokoa da eta oso zenbaki ona da guretzat”.


Rodrigo eta Luis Arduino, aurten Venado Tuerton antolatutako 23 urtez azpiko Mundu Txapelketan

Rodrigo Arduinok ez du euskal sustrairik baina Venado Tuerto bezalako hiri batean jaioa, bere patua agian idatzita zegoen. Izan ere ‘Pelota Paleta’ren hiriburu nazionala eta probintziala ezizenarekin ezagutzen dute Santa Fe probintziako hiri hau. “Nire berraitona frontoi bateko tabernaren arduraduna izan zen; eta nire birraitona Angel eta nire aita, Luis, pilotariak izan ziren. Aitak gainera maila profesionalean jokatu zuen eta entrenatzailea ere bada”, adierazten dio Rodrigok EuskalKultura.eus-i. “Nik ere jokatzen dut baina amateur gisa. Pilota paletarekiko nire maitasuna komunikazio proiektu honetan daukat jarrita”. Eta ondo asko doala bide horretan esan daiteke, iaz ‘Hedabide Gailena’ kategoriako ‘Venado 2024’ delako saria jaso baitzuen.

Baina ‘Yo pelotari’ komunikazio proiektua baino askoz gehiago da. Duela urte batzuk Arduinotarrek autokarabana bat erosi zuten, ‘Paleta movil’ jarri zioten izena eta ‘Paleta móvil’ gidatzen Argentinako ia pilotaleku guztiak bisitatu dituzte. “Iaz, adibidez, oporretan Cordobatik Punta Tombora joan ginen, bi mila bat kilometro… bidean zeuden pilota lekuak ezagutu genituen. Abentura hauetan egiazko sareak sortzen dira, aurrez aurreko harremanak, jendeak ongi errezibitzen baikaitu, istorioak kontatzen eta frontoiak erakusten dizkigute. Are gehiago, herri batzuetatik helarazi dizkigute oso baldintza txarretan zeuden frontoien argazkiak eta guk emandako difusioari esker izan dira berreraikiak, auzolanean”, kontatu digu harro Rodrigok.


'Paleta Movil' autokarabana


Buenos Aires probintziako Vergara herrixkako pilota ekua, Magdalena partidoan, 'Yo Pelotari'ren bildumakoa

Bidaia hauek ez dituzte aita-semeek Argentinan soilik egin. Uruguain eta Euskal Herrian ere egin dituzte pilota-leku ibilbideak. Euskal Herrian Hego eta Iparraldeko trinkete eta frontoiak ezagutu dituzte. “Esperientzia paregabea izan zen Euskal Herrikoa. Primerako harrera izan genuen; jendea berehala konturatzen da mugitzen gaituena egiazko interesa dela, pasioa eta maitasuna, eta gure proiektuak kasik ez duela babeslerik; proiektua autogestionatua dela”, azpimarratzen du.

Etorkizun hurbilari begira, ‘Yo pelotari’k Montevideoko Wanderers Klubeko Euskal Pilota Nazioarteko II. Txapelketaren transmisioa egingo du abenduaren 8tik 14ra. Erronka berri bat, euskal pilota mundura zabaltzen duen bikotearentzat. “Eta oso garrantzitsua da nabarmentzea egiten ditugun gauzak ez liratekeela posible izango gure familien laguntza izango ez bagenu”, azpimarratu nahi izan du Rodrigok. “Haiek gabe ‘erokeria polita’ den ‘Yo pelotari’ guztiz ezinezkoa izango litzateke”.

Zorionak, Luis eta Rodrigo, 'Yo pelolari', eta aurrera!

'Yo pelotari' Facebook-en, Instagram-en eta Youtube-n



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia