euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2025eko Euskal Asteko webgunea aurkeztu dute, EEentzako aurresalmenta eta Euskal Herrirako bidaia zozketa barne

2025/09/09

Tandilen urriaren 27tik azaroaren 2ra ospatuko den 2025eko Euskal Aste Nazionalaren webgune ofizialaren hasierako orria
Tandilen urriaren 27tik azaroaren 2ra ospatuko den 2025eko Euskal Aste Nazionalaren webgune ofizialaren hasierako orria

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Argentinako 2025eko Euskal Aste Nazionalaren (EAN) hasieratik zazpi aste eskasera gaudela, Tandilgo Gure Etxeak hainbat berrikuntza iragarri ditu. Ekitaldiaren webgune ofiziala jarri du martxan, semanavasca2025.com.ar, parte hartu nahi dutenentzat baliabide bikaina, interesatuek EANko egitaraua kontsultatu ahal izango baitute eta, irailaren 22tik aurrera, ikuskizun, kontzertu, erromeria eta amaierako bazkarirako sarrerak erosi, baita gainerako otorduak ere barne hartzen dituzten 'voucher' edo paketeak ere. Aldi berean, euskal etxeetako kideen kasuan, aurresalmenta esklusiboa abiarazi dute, erreserbak egiteko azken eguna irailaren 20a dela. Argentinako euskal topaketa handieneran zure lekua ziurtatu nahi baduzu, zure euskal etxearen bidez behar duzu egin eta % 50 ordaindu. Izan ere, erreserbak euren bitartez bideratuko dira.

Zozketa: bidaiak EHra eta Iguazura

EANek eragiten dituen gastuei aurre egiten laguntzearren, Gure Etxeak zozketa berezi bat plazaratu du, sari nagusia Euskal Herrirako amestutako bidaia duela, bi lagunentzat, Bilbora joan-etorriko hegazkin txartelak eta hiri horretako hiru izarreko hotel batean bi gauko egonaldia barne, data turismo-operadorearekin adosteke, denboraldi baxuan. Guztira, 250 txartel jarri dira salgai, bakoitza hiru zifrako lau zenbakiduna. Zozketa 2025eko azaroaren azken egunean izango da, Buenos Aires Probintziako Loteriaren gaueko azken kinielan.

Zozketa-txartel bakoitzak 100.000 peso ko prezioa izango du, eta ordainketa bakarrean edo lau zatitan egin ahal izango da. Azken ordainketa azaroaren 20a baino lehen egin beharko da. Eta txartel osoa irailaren 30a baino lehen erosten dutenentzat, Gure Etxeak zozketa are erakargarriagoa egiten duen sari gehigarri bat emendatu du: Iguazuko ur-jauzietara bidaia bi lagunentzat, hegazkin txartelak, joan-etorriko garraioa eta hiru gau eta lau eguneko ostatua hiru izarreko hotel batean barne. Zozketa hau urriaren 3an egingo da, notario publiko bat begirale. Argibide gehiago, WhatsAppez, 249 463-8468 telefono zenbakian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia