euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Aste Nazionala 2025: "Martin Zalacainen inguruko gutunak" lehiaketa antolatu du Tandilgo Gure Etxeak

2025/08/11

Pío Barojaren 'Zalacaín el aventurero' eleberriak garrantzia handia izango du 2025eko Tandilgo Euskal Aste Nazionalean
Pío Barojaren 'Zalacaín el aventurero' eleberriak garrantzia handia izango du 2025eko Tandilgo Euskal Aste Nazionalean

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. 2025eko Argentinako Euskal Aste Nazionalaren baitan, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeak gonbidapen berezia luzatu die euskal literatura eta kulturaren zaleei: "Martin Zalacainen inguruko gutunak" literatura lehiaketa. Ekimenak Pío Barojaren " Zalacaín el aventurero" (Zalacaín abenturazalea) eleberri ospetsuaren unibertsoa arakatzera animatzen du. Proposamena gutun bat idaztea da eta, formatu epistolarraren bidez, protagonistaren munduari heltzea, abentura, tragedia, ekintza eta maitasuna tarteko XIX. mendeko Euskal Herrian. Lehiaketa honek, literatur sormena sustatzeaz gain, euskara eta kultura sustatzea du helburu, baita Hego Konoko diasporarentzat urteko euskal ekitaldi garrantzitsuenean parte hartzea bultzatzea ere.

Izan ere, Martin Zalacainen figura protagonista izango da 2025eko Euskal Astearen hurrengo edizioan. Azaroaren 1ean, larunbateko gaualdiak "Martín Zalacaín" antzerki-ikuskizunaren bertsio egokitua aurkeztuko du, dantza, musika, kantua eta literatura uztartzen dituen Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako Argia konpainiaren ekoizpena. Literatur lehiaketa, emanaldi artistikoa eta Euskal Aste Nazionalaren egitarauaren beste hainbat ekitaldi Barojaren lan honen inguruan bilduko dira, ibilbide kultural esanguratsu eta bateratua eskainiz.

Lehiaketaren oinarriak eta baldintzak

Gutunak gaztelaniaz edo euskaraz idatz daitezke. Hiru kategoria ezarri dira: bat gaztelerazko gutunentzat, beste bat Euskara Munduan programako edozein euskal etxetan euskara ikasten ari direnentzat, eta hirugarrena, programa bereko irakasleentzat. Bi modalitatetan parte hartu ahal izango da: Eleberriko pertsonaia bati orainetik idatzitako gutunak, eta Pertsonaien arteko gutunak.

Lanak abuztuaren 30etik urriaren 15eko 23:59ak arte jasoko dira (Argentinako ordua). Posta elektronikoz bidali beharko dira snv25.tandil.literatura@gmail.com helbidera, eta gaiaren atalean, 'Concurso Cartas Zalacaín' jarri beharko da."

Epaimahaia Tandil hiriko literatura, hezkuntza eta euskal kultura arloko pertsonalitateek, FEVAko ordezkariek eta Euskal Herriko kultur erreferenteek osatuko dute. Erabakia Tandilgo Euskal Aste Nazionalean jakinaraziko da, eta sarien banaketa ere bertan egingo da, ekitaldi publiko batean.

Parte hartzea erraztearren, lehiaketaren antolatzaileek sarrera bideo bat eta eleberria irakurtzeko estekak, formatu ezberdinetan, jarri dituzte eskura. Hemen klik eginez Cartas en torno a Martín Zalacaín' Lehiaketa Literarioko oinarri eta baldintzak eta aipatutako materialetarako loturak biltzen dituen dokumentua eskuratuko duzu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia