euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeak jai handi batez ospatu ditu 65 urteak, aurrekoak ohoratuz eta ilusioz so geroari

2025/08/11

Omenaldi askorekin eta emozio handiz, belaunaldi guztiek ospatu zuten Cañuelasko Denak Bat-en 65. urteurrena
Omenaldi askorekin eta emozio handiz, belaunaldi guztiek ospatu zuten Cañuelasko Denak Bat-en 65. urteurrena

PUBLIZITATEA

Cañuelas, Argentina. Duela 65 urteko uztailaren 2an sortu zen Cañuelasen, Argentinako hiriburutik 55 kilometrora, Denak Bat Euskal Etxea, zonalde honetan bizi ziren euskal etorkinak eta ondorengoak bildu eta babesa ematearren. Abuztuaren 3an, igandea, bazkari gozo batez ospatu zuten urtebetetzea, euskal etxeko zuzendariek beraiek prestatutako eta dantzari taldeak maitasunez zerbitzatutako erreki goxoa. 160 gonbidatu batuta, Buenos Aires probintziako herrietatik etorritako hainbat lagun izan zituen, eta egun ederra bizi izan zuten, diasporan euskal kulturaren sustraitzearen eta bizitasunaren erakusle.

Ospakizuna Agurrarekin hasi zen, dantzari bikote gazte bat dantzari, La Platako Mariana Brancaren txistua eta Denak Bat Abesbatzaren ahotsak lagun, Leandro Vallejos Arizmendi gidari. Marcelo Sorondo maisua pianoan, Koruak —aurten 30 urte ospatzen ditu abesbatzak— San Ignazio Martxa eta Hegoak, Goiko mendian, Boga Boga eta Los pájaros perdidos tangoa bezalako klasikoak abestu zituen. Euskal Arimako gazteak, euren aldetik, Ezpatadantza, Fandango, Arin Arin eta Polkarekin luzitu ziren, eta haurren taldeak Esku Dantza dantzatu zuen, eta amaitzeko, jauzi eta txakarera batean batu ziren helduak zein gazteak.

 
Dantzek eta Denak Bat Abesbatzak jaialdia girotu zuten. Opila, beste ikuskizun bat

 
Omenaldi plaka, FEVA, Chacabuco, Brandsen, Gral. Rodríguez, Pergamino eta La Platako euskal etxeko lagunak 

Une hunkigarrienak omenaldiekin iritsi ziren: Margarita Mathieuk, EEko lehen emakume lehendakariak, eta egungo lehendakari María José Oyharzabalek, fundatzaileak, bazkideak eta lagunak omentzeko plaka oroigarri bat inauguratu zuten. Omenaldi hau 60. urteurrenetik zegoen zain, pandemiarenkarietara atzeratuta. Baina ospakizunak etorkizunera ere begiratu zuen. Beste lehendakari ohi batek, Verónica Zulaicak, harrotasunez partekatu zituen Cañuelasko euskal komunitatearen lana nabarmendu nahi duten bi udal proiektu: Gernikako Arbolaren kimu bat Bicentenario parkean landatzea eta Tamberoaren Monumentu bat sortzea.

Ospakizunaren amaiera aldera, bertaratutako euskal etxeen opariak jaso ondoren, zozketak, pastel ikusgarria eta derrigorrezko topa iritsi ziren. Zozketetan euskal etxeko kide eta lagunek emandako jantziak, ardo eta likoreak banatu ziren. Festan izan ziren Buenos Airesko Euskaltzaleak, La Platako Euzko Etxea, Gral. Rodríguezko Eusko Aterpea, Chacabucoko Guillermo Larregui, Pergaminoko Lagun Onak, Gral. Las Herasko Zazpirak Bat, Lomas de Zamorako Denak Bat, Brandsengo Euskal Elkartea eta FEVAko ordezkaritzak. Horiekin batera ospakizunean, Cañuelas Kluba, San Jose Zaharren Egoitza eta Cañuelasko Italiarren Elkartea, azken hau esker oneko lotura berezia lokarri, gaur egun Denak Baten arratsaldero gertatzen den bezala, garai hartan bertan elkartzen baitziren lehen euskaldunak musean jokasteko, egoitza propiorik ez zutela.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia