Gardnerville, Nevada, AEB. Asteburu hau Euskal Besta egunak dira Gardnerville, Nevadan, larunbatean bere Urteroko Piknik besta ospatuko baitu herriko Mendiko Euskaldun Clubak, eta horrekin batera NABO Kantari Eguna, Estatu Batuetako kantari eta bertsolarien festa. Aurten, gainera, Boiseko Jaialdin izan ziren Bilboko Hamaika Bide Txistulari Elkarteko musikari talentudunak izango ditu gonbidatu, besteak beste. Igandean, bestalde, bere Euskal Festa egingo du Mountain Homeko Euskal Lagunak Euskal Etxeak, herriko Euskal Parke eta Frontoian, tartean Oinkariko dantzariak eta Triti Taka Stop-eko musikariak partaide. Gogoratu, azkenik, Ipar Amerikari dagokionez, datorren astelehenean hasiko direla Saint Pierre eta Mikeluneko Euskal Bestak astebururaino, eta asteburu horretan ere izango direla Buffalokoak eta Portand Oregoneko euskal etxe berriarenak.
Gardnervilleko Piknika eta NABO Kantari Egunari dagokienez, larunbatean izango dira, baina behar da oroitu ekitaldiak gaur ostirala berotzen hasiko direla, eta nola berotu ere, aipatu Bilboko Hamaika Bide Txistulari Elkarteko banda trebearekin. Hamaika Bidek 19:30etan joko du JT euskal ostatuan, bertan egingo den euskal besta bezperako gaualdian, Gardnerville bertako Mendiko Euskaldun Clubeko dantzariak ondotik partaide, gaua bururatzeko Manuela Etchechury eta bere bandaren aire euskal-amerikarrekin.
Nahi duenak meza online
Biharamunean, larunbata, Euskal Besta eta Piknik Eguna da eta NABO Kantari Eguna ere ospatuko ditu Mendiko Euskaldun Clubak, ohi bezala Minden-eko CVIC Hall areto barne eta kanpoaldean. Eguna goizeko 10:30etan aita Antton Egigurenek emango duen euskal mezarekin hasiko da (gogoratu, nahi duenak internetez segi dezakeela Artzai Ona Estatu Batuetako elkarte kristauaren Facebooken. Hona mezan kantatu eta irakurriko dituzten testuak).
Ondotik musa gazteentzat, NABO gateaux basque lehiaketa, bazkaria Borda arrantxuko bildoskiarekin, NABO txerriki (txorizo, lukainka, tripota...) lehiaketa, NABO Euskal Kantari Eguna eta bertsolariak, euskal dantza, erromeria Manuela Etchechury eta bere banda eta Jean Flesherrekin, eta eguna ongi bururatzeko, 11etan, Moxkor Salda (baratxuri zopa). Igandean, bestak amaituta, zer hobe eguna egoki hasteko hamaiketakoa hartzea baizik JT ostatuan, euskal arrantxuetako manera xaharrean, kolesterolari behingoz kasu handirik egin gabe? Giro bikaina, bestondoa duenak egun berria ongi errezebitzeko, eta energia berriak metatzeko, kantuz eta lagun arteko konpainia ederrean, leku batetik eta bestetik etorritako lagun xahar eta berriekin. Asteburu osoan bertan ibiliko da Pedro J. Oizarzabal historialaria, merezimendu handiko bere ikerlana eta Bigarren Mundu Gerrako euskal beteranoei egin nahi zaien monumentuaz mintzatzeko hala nahi dutenekin.
Mountain Home, Mikelune, Buffalo eta Portand-eko festak
Ez ahaztu, dena den, datorren igandean, Idahon, bere Euskal Jaia ospatuko duela Mountain Home-ko Euskal Lagunak euskal etxeak. Ohi bezala, herriko Euskal Parke eta Frotoian egingo da. Besteak beste, bertako eta Oinkari dantzariak arituko dira eta, erromerian, Triki Taka Stomp taldekoek alaituko dituzte bazterrak euren erritmo dantzagarri euskal-amerikarrekin (irakurri hemen programa).
Ipar Amerikatik atera gabe, astelehenean bertan hasiko dituzte Saint Pierre eta Mikeluneko Euskal Bestak astelehenetik iganderaino (berehala ipiniko ditugu gure agendan), eta datorren asteko asteburuan ere, Buffaloko Wyomingeko euskal festak izango dira, Big Horn Basque Club antolatzaile... eta Portand Oregoneko euskal etxe berriaren piknika. Gogoratu, Portland inguruan euskaldunik edo euskaltzalerik ezagutzen baduzu, pasaiozu informazioa, euskal etxea muntatu nahian baitabiltza.