euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EHko antzerkia Uruguain: La Dramática Errante-ren ‘Yerma’ gaur San Josén; Orain Bi-ren ‘Mute’, ostiralean Paysandún

2025/10/15

'Yerma' Paysandú-n. Gaur San José-n emango dute eta igandean Montevideo-n (argazkia Florencio Sánchez antzokia)
'Yerma' Paysandú-n. Gaur San José-n emango dute eta igandean Montevideo-n (argazkia Florencio Sánchez antzokia)

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Uruguaiko FIDAE-Arte Eszenikoen Nazioarteko Festibalaren 9. edizioa urriaren 10ean hasi eta urriaren 19ra arte ari dira egiten Montevideo, San Jose eta Paysandu hirietako antzokietan. Aurten Espainia du ekimenak herrialde gonbidatu eta programak orotara 60 antzezlan, tailer eta artista bilduko ditu. Parte hartzaileen artean bi Euskal Herrikoak dira. Bilboko La Dramática Errante konpainia, ‘Yerma’ antzezlanarekin bertaratua; eta Orain bi zirko konpania, hau ere bilbotarra, ‘Mute’ izeneko ikuskizunarekin taularatuta.

Yerma’, Federico Garcia Lorcaren antzezlanaren bertsio librea da. María Goiricelayak moldatua. Goiricelaya bera zuzendari eta Ane Pikaza protagonista, urriaren 12an estreinatu zuten FIDAE festibalean, Paysandú-n. Publiko ugarik bete zuen aretoa, bertako agintariak lagun. Lanak bere ibilbidea jarraituko du programa barruan eta gaur San Joseko Macció Antzokian antzeztuko dute, iluntzeko 8etan, sarrera doan, eta igandean, urriak 19, Montevideon, 17etan, El Galpón antzokian (sarrerak hemen).


Orain bi-ko lagunek euren lehenengo bidaia dute honakoa Hego Amerikara


'Filtro' antzezlana Cordobako Libertador Gral. San Martin Antzokian

'Orain bi' konpainiaren ‘Mute’, zirko garaikide ikuskizun bat da, hitzik gabea. Egileen laburpenez, “bi lagunek lehengo zirko xaharraren saioak biziarazten dituzte antzoki zahar eta ahaztu batean, aurrera jarraitu ahal izateko, iraganarekin adiskidetzeko nahian”. Rodrigo Lacasak eta Sara Alvarezek atzo estreinatu zuten ‘Mute’ San Joseko Tranzat Karpan. Hurrengo emanaldiak etzi, urriaren 17an, iluntzeko 8etan, Paysandúko Gobbi Kultur Gunean, eta urriaren 19an, 11etan, Montevideoko Rodo Parkean.

Euskal antzerkia Argentinan ere

Euskal Herriko arte eszenikoak Argentinara ere iritsi dira, oraingo honetan Cordoban egin zen Mercosur-eko 15. Nazioarteko Antzerki Festibala medio. Bertan taularatu zuen 'La Dramática Errante' konpainiak 'Filtro' obra, lehen aldiz Argentinan. Gogoratu ‘Filtro’ antzezlana 1994an Montevideon gertatutako sarraskian dagoela oinarrituta, poliziak hiru lagun hil zituenean "Filtro-ko sarraskia' gisa ezaguna den gertaeran, Uruguaiko gobernuak espainiaratu nahi zituzten hiru euskal iheslariren aldeko manifestazio batean.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia