La Plata, Argentina. Etxepare Euskal Institutuaren eta La Platako Unibertsitate Nazionalaren babesarekin, euskal gastronomiari buruzko hiru eguneko zikloa abiatu zuten hiriburu buenosairestarrean joan den astean. Ekainaren 27an, ostirala, izan zen lehenengo hitzordua, Euskal Kultura Tailerraren baitan, UNLPren egoitzan,"Elkarte gastronomikoak: Euskal Herriaren kultura zutabea" izenburupean. Bigarrena, atzo astelehena, eta Itziar Aguirre sukaldari rosariotarrak euskal sukaldaritzako 50 emakume protagonisten testigantzak biltzen dituen "Mamia" liburua aurkeztu zuen. Datorren ostiralean, azkenik, uztailaren 4an, La Platako Euzko Etxearen egoitzak eskola berezi bati emango dio abegia, euskaraz, parte hartu nahi duten euskara ikasle eta euskaltzale guztiei irekia, pintxo lehiaketa batekin amaitzeko.
Bi lehen saioetan euskal txoko gastronomikoak eta emakumeen protagonismoa euskal gastronomian gaiak jorratu dira, eta hirugarrenean, datorren ostiralean, pintxo tailer bat egingo da euskaraz
Zikloko lehenengo hitzorduan La Platako Unibertsitate Nazionaleko euskal irakurle Begoña Muñizek Euskal Herriko elkarte gastronomikoei buruz hitz egin zuen. Ibilbide historiko bat egin zuen, Donostiako aurreneko elkarteetatik Euskal Herri osora hedatu ziren unera arte. Txokoek egundaino izan duten bilakaera, oraindik gordetzen diren ohitura eta tradizioak, gizartearen eskariak bultzatutako aldaketak, elkarte mota desberdinak, gizonentzako gizarte esklusiboak, emakumeen integrazioa, txoko mistoak eta instituzio sozial honen etorkizuna, jorratu zituen, besteak beste.
Itziar Aguirre sukaldaria
Joan den astelehen arratsaldean, berriz, Argentina astintzen ari diren muturreko negu-tenperatura baxuei aurre eginez UNLPren egoitzaraino inguratu zen publiko ausart eta adoretsuari mintzatu zitzaion Itziar Aguirre sukaldari euskal-argentinarra, mintzatu ere euskal gastronomiaren bilakaerari buruzko hitzaldia eskainiz, amonetatik hasi eta Michelin izarrak metatzen dituen euskal sukaldaritzaraino. Euskal sukaldaritza eraldatu duten 50 emakumeren lekukotasuna —berea tartean— jasotzen dituen “Mamia” liburuaren aurkezpena egin zuen, txaloak bilduz, eta iritzi eta iruzkin truke aberatsa izan zuen bertaratutakoekin.
Itziar Aguirre, atzo La Platako Unibertsitate Nazionalean emandako hitzaldian
Euskara eta sukaldaritza
Zikloari amaiera emanez, uztailaren 4an, ostiralean, 18:30ean, euskal gastronomiari buruzko eskola irekia eskainiko die Begoña Muñizek euskara ikasleei. UNLPko Irakurletzako ikasleez eta La Platako Euskal Etxekoez gain, gainerako euskal elkarteetako ikasleek ere parte hartzeko aukera izango dute pintxo tailerra eta pintxo lehiaketa izango den honetan. Taldeak eratuko dira, eta lehiaketan aurkeztu beharko dute euren proposamena.
Aldez aurretik behar da eman izena, formulario honen bidez. Epea asteazken honetan, uztailaren 2an, amaituko da. Antolatzaileak eurak harrmanduko dira parte-hartzaileekin, xehetasunak ematearren, hala nola zer elementuak ekar ditzaketen. "Ongi pasatzea eta testuinguru ludiko eta euskaldun batean ikastea da asmoa. Ez dago euskara-mailari buruzko eskakizunik, ikasten hasi berriak direnek ere parte hartu ahal izateko moduan diseinatuta baitago", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Bego Muñiz irakasleak.
Baietz, anima zaitezte!