Buenos Aires, Argentina. Eta egun batean, sorginak eta aztiak Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxera itzuli ziren. Oraingoan, baina, ez zen izan iluntzean, arratsaldean baizik, elkarteko bazkide eta lagun ugari bertaratuta. Garrantzitsuena, neguko solstizioa eta San Juan Gauaren ospakizuna ez galtzea, eta 1998an hasi eta pandemiaren ondorioz bost urtez etenda zeramatzan tradizioari berriro heltzea. Horren harira, joan den larunbatean, ekainaren 28an, arratsaldeko 5etan, Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordeak Sorginen Tea eskaini zuen. Euskal musika izan zen, Euskaltzaleak elkartearen abesbatzaren eskutik, zozketak, pertza piztua, omenaldiak eta lagun arteko giro aparta.
Sorgin Afari bakoitzean gertatu ohi zen bezala, larunbatean ere harrera egin zitzaien bisitariei aretoa mamuen girnalda, armiarma-oihalak, hontzak, ahuntzak eta beste irudi sinboliko batzuez apaindua. Mahaiak, kutixiak gainean, eta anfitrioiak, ekitaldirako propio jantzita, arropa beltzak eta kapela puntadunak soinean. Topaketari hasiera emateko Euskaltzaleak-eko abesbatzak, Ana Etchepare zuzendari, kantatu zituen besteak beste Agurra, Lo hadi aingüria, Festa eta Txoriak Txori. Tea zerbitzatu zuten eta ondoren, gonbitea egin zitzaien bertaratutakoei beren nahiak paper batean idazteko. Eta denen artean pertzaren sua elikatzeko erritua bete zen beste behin, zorte ona bermatzea xede.
Ezkerretik eskuinera, Iparraldeko EEko kide Carlos Bordagaray, Carlos Martinez, Maru Lucuix, Norma Ríos, Juan C. Ibarrola, Beltrán Maillot, Rosa Misciagna eta Adrián Castell
Euskal gaien inguruko argitalpen eta oroigarriak zozketatu zituzten. Eta une hunkigarriak bizi izan ziren Juan Carlos Ibarrola, Kultura Azpibatzordeko erreferentea, bere 80 urteengatik omendua izan zenean. Txalo zaparrada batekin gogoratu zuten baita ere Sylvia Saenz, Euskaltzaleak-eko kide zendu berria. Topaketan partaide izan ziren Buenos Aires hiriko euskara ikasle eta irakasleak, Iparraldeko Euskal Etxeko zenbait fundatzaileren ondorengoak. Baita EEko lehendakari Beltran Maillot ere, bertaratutakoei eskerrak emanez, eta belaunaldien arteko txanda-hartzea aipatuz. Iparraldeko-ren 130. urteurreneko programaren baitan, iragarri zuen laster pilota erakustaldiak datozela, hitzaldiak eta bestelako kultur jarduera batzuk.