euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tandilgo Euskal Aste Nazionala (III): ostiralean, herri kirolak, musika eta dantza, DOA, Aitzindariak, Idoia eta Zetak

2025/11/05

Ikuskizun ikusgarria eskeini zuen Mauleko Aitzindariak taldeak ostiral gauean Tandilgo Martín Fierro Anfiteatroan
Ikuskizun ikusgarria eskeini zuen Mauleko Aitzindariak taldeak ostiral gauean Tandilgo Martín Fierro Anfiteatroan

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Euskal musiken doinuen oihartzuna oraindik belarrietan dugula, 2025eko Euskal Aste Nazionalaren kronikarekin segituko dugu, gaur hirugarrena. Ostiralean gaude La Isla parkean urriaren 31an. Jardunaldiak egitarau zabal bezain ederra eskaini zuen, gustu guztientzat egokia. Atzoko artikuluan, Arrigorriagatik (Bizkaia) etorritako Jasoka taldeak eskainitako herri kirolen erakustaldi ikusgarriaren irudiak partekatu genituen. Saioaren ostean, kirolari bisitariek euskal kirol tradizionalaren elementuak gertutik ezagutzeko eta haiekin batera probetan parte hartzeko aukera eskaini zioten publikoari.

Aldi berean, egoitzaren beste gune batean, dantza tailerra egin zen, Zuberoako Aitzindariak taldearen eskutik. Bi erronda handi izan ziren: bat hasiberrientzat, eta bestea dantzari aurreratuentzat. Zuzeneko musikaren doinupean, Euskal Herri ekialdeko lurraldeko pauso tradizionalak ikasteaz gozatu zuten. Baina dantzarako grina bizi-bizia dutenen gozamenerako, musika eta pauso gehiago ere izan ziren. Argia taldeko kide Oier Araolazak aukeztu zuen “Korrotik pikutara", euskal dantzaren historia hitzez eta dantzaz kontatzen duen ikuskizuna, eta bertaratutako guztiak jarri zituen dantzan.

 
Xiberotik etorritako Aitzindariak taldeak dantza tailerra eskaini zuen, hasiberrientzat eta trebatuentzat

 
“Korrotik pikutara" hitzaldi dantzatua, Oier Araolazak eta Argiako musikari taldearen eskutik

 
Ohorezko agurra Oier Araolazak Agurra eskeini zion Sara Urbietari

Eguzkia ezkutatzerakoan, Martín Fierro Anfiteatrora aldatu zen jaia, asteburuko lehen gau paregabeaz gozatzeko. Argentinako euskal etxeetako musikariek osatutako DOAk (Diasporako Orkestra Argentinarra), Tandilgo Udal Orkestrarekin batera, kontzertu ahaztezina eskaini zuen. Argentinako hainbat euskal etxetako dantzariak ere taularatu ziren, emanaldiari berebiziko indarra emanez.

 
DOA taldeko Agustina Madarieta kantuan

 
José Gutierrez txistulariari egindako errekonozimendua 50 urteko ibilbideagatik

 
Ezpatadantza, DOA lagun

 
Katxarranka, DOA lagun

 
Kaskarot, DOA lagun

 
Diasporako Orkestra Argentinarra, oholtzan

DOAren kontzertua amaitutakoan, Mauleko Aitzindariak taldearen gala iritsi zen. Xiberoko dantza tradizionalak, musika, bertsoak eta kantuak eskaini zituzten ikuskizun bikain eta zoragarri batean. Txalo ugari eta ozenen artean agurtu zituen jendeak, zutik. Bereziki hunkigarriak taldeko koordinatzaile Jean Bordacharrek 'Euskara zertako' izenburupean idatzi hitzak eta sortu airepean kantatu zituen koplak, a capela kantaturik, lehenengo aldia den honetan talde xiberotar bat Argentinako Diasporara etortzen dena euskal komunitatearekin partekatzera bere izaera eta musika, kantu eta dantza ondarea.

 
Aitzindariak taldearen ikuskizun txalogarria

Gauak aurrera egin zuen Unibertsitateko Kulturgunean partekatutako afariarekin. Eguna burutzeko, erromeria izan zen Euskal Etxean. Bertan, Idoia Asurmendiren ahotsak hastapenean eta Zetak taldearen konzertuak azkeneraino, festa goizaldeko ordu txikietara arte luzatu zuten.

 
Idoia eta Zetak Tandilgo Euskal Etxeko pilotalekuan

Bideoa ostiraleko emanaldi osoarekin Anfiteatroan

 
Ostiraleko gaualdia: DOA, Tandilgo Udal Orkestra eta Aitzindariak (hasiera, 2' 30"an)



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia