Londres, Ingalaterra. Londresko karteleran bost astez egon ondoren, joan den ekainaren 21ean izan zen Miñan antzezlanaren azken emanaldia, hiriburu ingelesean. Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek idatzitako izen bereko kontaketan oinarritutako antzezlana Timberlake Wertenbaker-en eskutik iritsi zen ‘Jermyn Street’ antzokira, Wertenbaker bera testuaren antzezteko bertsio ingelesaren egile, 'Little brother' izenpean. Taularatzea bertako aktoreekin eta zuzendariarekin egin da eta Wertenbaker-ek ez du baztertzen etorkizunean berriro ere taularatzea.
Jatorrian euskaraz argitaratua, dagoeneko itzulia izan da frantsesa, gaztelania, katalana, ingelesa, italiera eta alemanera
“250 bat antzoki daude Londresen eta, beraz, jendeak badauka zer ikusteko aukera zabala. ‘Jermyn Street’ antzokia oso txikia izan arren, oso polita ere bada eta gainera, Londreseko erdigunean dago. Publiko ugari etorri zen eta aretoa jendez mukurru bete zitzaigun”, azaldu dio Wertenbaker-ek EuskalKultura.eus-i. “Londresko Euskal Etxeko lagunek, gainera, elkarrizketa publiko bat antolatu zuten, Ane Roteta ETBko Londresko korrespontsala eta Amets Arzallus solaskide, eta uste dut harek asko lagundu zigula mezua zabaltzen”, diosku antzerkigile eta itzultzaileak.
Ander Lipus lagun
'Little brother'en azken emanaldirako, antzezlanaren euskarazko bertsioan —abendura arte ikusi ahal izango da Euskal Herrian— aktore eta zuzendari den Ander Lipus Londresera bildu zen. “Anderrek gure bertsioa eta aktoreek egindako lana ikusi ahal izan zuen eta beraiekin hitz egin. Oso aktore onak dira, lan handia egin dute eta esaten digute egunero zerbait desberdina aurkitzen dutela testuan eta saiatzen direla publikoari hori erakusten. Bertsioak ez dira berdin-berdinak; gauza batzuk aldatu ditut, hasiera eta bukaera esaterako, baina horrekin batera esan dezaket ez direla hain ezberdinak”, azaldu digu idazleak.
Ander Lipus (ezkerrean) eta Timberlake Wertenbaker (bigarrena, atzean) aktoreekin hizketan
Wertenbaker eta Euskal Herria
Timberlake Wertenbaker-ek harreman estua dauka Euskal Herriarekin. Txikitan Ziburun bizi izan zen, eta han joan zen eskolara. Orain urtero itzultzen da Sarara bi hilabete pasatzera. Bertan ezagutu zuen Amets Arzallus eta bertan irakurri zuen lehenengo aldiz Miñan, 2019an. “Hain ederra, hain hunkigarria eta hain garrantzitsua iruditu zitzaidan berehala egin nahi izan nuela antzezlana”, esan digu. Ondoren, ordea, pandemia hasi zen eta planak aldatu behar izan bazituen ere bere asmoak hor segiru zuen. “Eta Anderrek jakin zuenean nire asmoa zein zen, euskarazko moldaketa egitera animatu ninduen”. Miñan antzezlana 2024ko urrian estreinatu zen Bilboko Arriaga antzokian.
“Niretzat ez zen erraza izan Miñan euskarazko antzezlana bihurtzea, baina liburua oso gardena da eta Ametsek eta Aintzane Irazusta nire lagunak asko lagundu zidaten. Gero Jermyn Street Antzokiko zuzendari den Stella Powell-Jonesek liburua irakurri zuen eta proposatu zidan ingeleseko egokitzapena egitea, jatorrizko ideiara bueltatzeko aukera emanez”, gogoratzen du Estatu Batuetan jaio eta Londresen bizi den antzerkigileak.
“Liburua irakurtzetik Londresko emanaldia egiterainoko bidaia luzea izan da, batzuetan gogorra, nekagarria, baina gehienetan oso ederra, aberatsa eta esango nuke miresgarria. Gainera, nire bizitzako bi hari lotu ahal izan ditut: maite dudan Euskal Herria eta Londres, lan egiten dudan tokia. Euskal Herriaren eta Londresen artean harreman estuagoak sustatu nahiko nituzke. Euskaldun andana polita bizi da Londresen, baina Euskal Herritik kanpoko beste hiri batzuetan ez bezala, ez daukagu elkartzeko leku finkorik. Eta ez gaude hain urrun…”