Brno, Txekiako Republika. Naiara Olaran Laraudogoitia Brnoko Masaryk Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurleak antolatuta, eta Etxepare Euskal Institutuaren eta unibertsitate beraren babesarekin, hitzaldia eskaini zuen Irune Orbea argazkilari bilbotarrak Brno-n apirilaren 29an “Begirada atzo eta gaurko euskal emakume argazkilariei” izenburupean
Saioan zehar euskal emakume argazkilarien historia ikertu zuen Orbeak, lehenengotzat jotzen den Eulalia Abaitua (1853-1943) bilbotarrarengandik hasita gaur egun sareetan topa daitezkeen emakume argazkilari eta irudietaraino. Aipatu zituen azkenekoen artean Begoña Zubero Apodaca (Bilbo, 1962), Ixone Sadaba (Bilbo, 1977), eta Naia Del Castillo (Bilbo, 1975) euren ibilbidea eta lanetako batzuk aurkeztuz.
Ekitaldia Unibertsitatean bertan egin zen eta Hizkuntza Erromantzeen Departamentuko ikasle eta langileek osatu zuten gehienbat publikoa. Bertaratu zirenak oso gustura agertu ziren proposamenarekin eta animatzen dituzte interesa izan dezaketen beste euskal elkarte edo unibertsitaeetako jendeak Irune Orbearekin eta irakurletzarekin edo Etxeparerekin kontaktatu eta hitzaldia antolatzera. Hizlariak gazteleraz, ingelesez eta frantsesez eskaini dezake.
Bilbo eta Paris artean
Irune Orbea Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako lizentziatua da eta ibilbide luzea du argazkilari gisa eta bere lanari buruzko erakusketak antolatzen, Euskal Herrian, Espainia Estatuan zein Europan barrena. Gaur egun Bilbo eta Paris artean bizi da eta bere lanak BilbaoArte Fundazioan, Euskal Herriko Unibertsitatean, Bilboko Udalean eta zenbait bilduma pribatutan ikus daitezke.
- Irune Orbea Instagram-en, iruneorbea