euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Matxin Burdin Liburutegia eragile, herrien memoria transmititzeko erronka berriak mahaigaineratu ziren La Platan

2025/05/15

Topaketaren hasieran, Elkarte Israeldarra eta Max Nordau Liburutegiaren presidente Horacio Bilkisen hitzak (zutik), eta mahaian, ezk. esk. Irene Cafiero, Emanuel Placenti, Nestor Arrúa, Sandra Raggio eta Eduardo Rezses
Topaketaren hasieran, Elkarte Israeldarra eta Max Nordau Liburutegiaren presidente Horacio Bilkisen hitzak (zutik), eta mahaian, ezk. esk. Irene Cafiero, Emanuel Placenti, Nestor Arrúa, Sandra Raggio eta Eduardo Rezses

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Memoria transmititu eta zaintzen diharduten lau erakunde elkartu ziren joan den ostiralean, maiatzaren 9an, mundua markatu zuten lau mugarri historikoren inguruko hausnarketa gune bat partekatzeko: Varsoviako ghettoaren altxamendua, Gernikako Bonbardaketa, bonba atomikoak Hiroshiman eta Nagasakin, eta Argentinako azken diktadura zibiko-militarra. "Erronka berriak herrien memoriaren transmisioan" izenburupean, jardunaldia komunitate judu, euskaldun, japoniar eta argentinarren arteko topagune bat izan zen, oroimena bizirik mantentzeko, nortasuna berresteko eta egungo erronkei buruz kolektiboki hausnartzeko. La Platako Euzko Etxeko Matxin Burdin Liburutegiaren ekimen hau hiriko Israeldar Literatur Zentroan eta Max Nordau Liburutegian egin zen, jende ugari bildurik.

Ekitaldia arratsaldeko 19etan hasi zen. Mahaian eseri ziren Israeldar Literatur Zentroa eta Max Nordau Liburutegiko Eduardo Rezses; La Platako UNLP unibertsitateko Ikasketa Japoniar Zentroko ordezkari Irene Cafiero eta Emanuel Placenti; Memoriaren aldeko Batzorde Probintzialeko Sandra Raggio; eta Euzko Etxea eta Euskal Pentsamenduaren Katedra Askearen izenean, Nestor Nicolás Arrúa. Hizlari bakoitzaren azalpena amaituta, dialogoa eta iritzi trukea hasi zen, publikoa ere partaide. Memoriaren transmisioaren egungo erronka izan zen bereziki hizpide, gazteriari lotutakoa gehienbat, eta kontsignak eta lan alternatibak, euren egungo interesen arabera. Musika ikuskizun bat eskaini zuten Japoniako Ikasketa Zentroko Irene Cafiero abeslari lirikoak, Neshamá Abesbatzak eta Max Nordau Klezmer Bandak.

 
Néstor Arrúa hizlari, Picassoren Guernica obra pantailan duela

"Interesgarria izan zen oso, espazio bakoitzak memoria kolektiboaren eta etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko aukera eman baitzigun», adierazi dio Néstor Arrúak EuskalKultura.eus-i. Gaineratuz: “Gernikako bonbardaketaren memoriak interpelatu egiten gaitu gaur, Errepublikaren alde borrokatu zirenek erakutsitako batasunagatik, orduan batu egin ziren anarkistak, trotskistak, komunistak, sozialistak eta liberalak, gehi Eusko Alderdi Jeltzalea, eztabaida eta gatazken gainetik”. Picassoren lanari esker, Gernika barbarismoaren aurkako borroka antifaxistaren irudikapena da gaur egun. "Horregatik, bizi dugun Trumpen eta Europako gobernu eskuin nazionalisten garaian, edo Mileiren gobernu populista kontserbadorearen garaian, beharrezkoa da memoria antifaxista", aldarrikatu du euskal ordezkariak.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia