Tandil, Argentina. Larunbateraino heldu gara, Euskal Aste Nazionalaren edizio orotan bezala, ekitaldiz gainezka egoten den egunera. Ohi denez, goizean, Euskal Liburutegietako Arduradunen bileraren txanda izan zen Euskal Etxean. Aldi berean, FEVAren batzarra egin zuten Libertador Hotelean euskal etxeetako agintariek. Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza instituzionala ere bertara bildu zen eta bilerako azkeneko zatian sartu zen, partaideak agurtu, informazioa eman eta galderei erantzuteko. Bitartean, Martin Fierro Anfiteatroan, dantzari, musikari, dantza taldeko zuzendari eta Argia taldeko irakasleak azken ukituak ematen aritu ziren, gauean estreinatzekoa zen "Martin Zalakain" ikuskizunaren entsegu orokorrean. Arrakasta espero zen: ehunka ikusle zeuden zain, Argentinatik, Uruguaitik zein Euskal Herritik etorriak.
Euskal Etxeetako liburutegi arduradunen bilera, Gure Txokoa euskal etxe tandildarraren egoitzan

FEVAren batzarra Libertador Hoteleko ekitaldi aretoan, Federazioaren buruzagitza mahaiean
Eusko Jaurlaritzaren bisita: Asier Areitio, Ziortza Olano eta Sara Pagola, FEVAko lehendakari Asier Iriberri ondoan
Mintzodromoa animatua ibili zen, jende askorekin, guztiak euskaraz jolasean eta solasean
Tandilgo euskara irakastaldea: Mariana Juez, Santi Benavides, Valeria Aramburu, Beatriz Poume, Caro Minaberry eta Ines Olazabal
Bazkari ederrarekin —Unibertsitateko Kultur Etxean— indarrak biziberritu ostean, Atlantikoaren bi aldeetako euskaltzaleak Euskal Etxean bildu ziren berriro, Mintzodromoan parte hartzeko gogoz. Euskarazko jolas eta aisialdiko jarduerei eskainitako tartea izan zen, ehun bat lagun partaide. Amaitutakoan, Ainara Maia Urroz-ek argitaratutako "Hatsaren poesia 2025" liburuaren aurkezpen hunkigarria egin zen. Beatriz Poume tandildarra bertaratutakoei zuzendu zaie eta Ipar Euskal Herritik Euskal Argentina taldearekin etorritako Elixabete Andueza aurkezle, argitaratzailearen hitzak irakurri zituen eta, haien txanda iritsita, Sol Cicero Moroni eta David Birenbaumek ere euren ekarpena egin zuten.
Euskal etxeetako bost abesbatza
Ber denboran, Luterano Daniarren Elizan, maila handiko kantu ikuskizuna ari zen egiten: Abesbatzen Topaketa, bost euskal etxetako koralak partaide, hala nola bertako Gure Etxea-ko Gure Abestiak, San Nicolaseko Euzkal Etxeko Errekatarrak, Uruguaiko Saltoko Abesbatza, Cañuelasko Euskal Etxeko Denak Bat Abesbatza eta Buenos Aireseko Euskaltzaleak abesbatza, kontzertu eder eta txalotuan, eliza jendez mukuru.
Tandilgo Gure Etxea-ko abesbatza, Joaquin García Iacovella zuzendari
San Nicolaseko Errekatarrak, Jorge Menna zuzendari
Uruguaiko Saltoko Abesbatza, Luis Benitez zuzendari
Euskaltzaleak Elkarteko Abesbatza, Ana Etchepare zuzendari
Cañuelaseko Denak Bat Abesbatza, Leandro Vallejo zuzendari
Arratsaldeko 5ak aldera euskal kalejira, Independentzia Plazatik abiatu zen, hiriko kaleak alaituz, Martin Fierro Anfiteatroraino. Danborrada ere partaide, Anfitreatrpora heldu baino zerbait lehenago, banda militarra atera zitzaien bila eta San Sebastian Martxa jo zuten elkarrekin, eta ondoren Sarriegiren errepertorioko pieza ezagunenak. Danbor eta upel doinuak klasiko bat bilakatu dira Argentinako euskal etxe askotan, eta zalantzarik gabe Euskal Aste Nazionalean, herrialde osoko jotzaileen laguntzaz.
Upelak eta danborrak Tandilgo kaleetan, jotzaileak Argentina osotik etorriak
Independentzia Plazatik Martin Fierro Anfiteatroraino danbor hotsek euren marka berezia utzi zuten
Anfiteatroko sarreran, banda militarra atera zitzaien bila, laguntzaile, Martin Zalakainen estreinuratzeko
Ilunabarrarekin batera iritsi zen aspaldi itxarondako momentua. Urte osoko elkarlan trinkoaren emaitza, Pio Barojaren nobelan inspiratutako ‘Martin Zalakain’ ikuskizunak argia ikusi zuen azkenean, eta merezitako txalo zaparrada jaso. Donostiako Argia Dantzari Taldeko musikari eta dantza irakasleak, Argentinako eta Uruguaiko 25 dantza talderekin batera aritu ziren, bi ordu pasatxoko gala paregabea eskaintzeko.
Honako dantza taldeek hartu zuten parte: Eusko Indarra (Montevideo, Uruguai), Oihankide, Laurak Bat eta Euskaltzaleak (Buenos Aires), Aberri Etxea (Viedma eta Patagones), Toki Eder (Jose C. Paz), Gazte Alai (Necochea), Ugarritzak (Arrecifes), Denak Bat (Mar del Plata), Lagun Onak (Pergamino), Alaia (Chacabuco), Denak Bat (Cañuelas), Denak Bat (La Plata), Gure Etxea (Tandil), Hiru Erreka (Tres Arroyos), Lagunen Etxea (Laprida), Anaitasuna (Maipú), Euzkal Etxea (San Nicolás), Euskal Echea (Comodoro Rivadavia), Euzko Alkartasuna (Macachín), Etorritakoengatik (Puerto Madryn), Beti Aurrrera (Chivilcoy), Zazpirak Bat (Rosario) eta Unión Vasca (Bahia Blanca).
Martin Zalakain ikuskizuna, Euskal Herritik Tandilgo Euskal Astera
Ikuskizunareen ondotik, gauak aurrera jarraitu zuen Euskal Etxean, erromerian DOA animatzaile, eta Zetak taldeen bigarren emanaldiarekin.
DOAko musikak erromeria girotu zuen
Zetak, larunbat gaueko kontzertuan, Tandilgo Euskal Asteko bigarrena
Bideoa larunbateko emanaldi osoarekin Anfiteatroan
Larunbateko gaualdia: 'Martin Zalakain' (45. minutuan hasten da berez emanaldia gutxi gora behera)
(Bihar jarraituko du argazki eta bideo berriekin)

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


