euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itziar Ituño Argentinan: ‘Pensamiento Lateral’ aurkeztuko du Mar del Platan eta bihar hitzaldi bat eskainiko du Denak Bat-en

2025/11/07

Itziar Ituño Mar del Platan egongo da asteburu honetan bertako Zinema Festibalean eta Euskal Etxean
Itziar Ituño Mar del Platan egongo da asteburu honetan bertako Zinema Festibalean eta Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Mar del Plata, Argentina. Asteburu honetan iritsiko da ospe handiko aktore basauritarra garai batean ‘Biarritz del Atlántico’ izenarekin ere ezaguna zen Mar del Plata hirira bertako Nazioarteko Zinemaldiaren 40. edizioan ‘Pensamiento Lateral’ filma aurkeztera. Mariano Hueter argentinarra zuzendari, ‘Pensamiento Lateral’ thrillerrean Ituño psikologo baten azalean jartzen da, gaizkile batzuek bahitu eta lantegi abandonatu batera eramaten dutena, uste baitute hark lagundu ahal diela delitu bat burutzen.

Itziar Ituñorekin batera César Bordón eta Alberto Ammann aktore argentinarrek ere osatzen dute aktoreen zerrenda. ‘Pensamiento Lateral’ Zinemaldiko ‘Argentinako Film luzeen Lehiaketa’ sailean aurkeztuko da, eta proiekzio nagusia azaroaren 9an izango da, arratsaldeko 7:30etan, Colon Antzokian (Hipólito Yrigoyen 1665), Itziar bera bertan egonda. Ikusi trailerra hemen. Sarrerak, hemen.

Topaketa euskal diasporarekin

Hainbat eta hainbat pelikula eta telesailetako protagonista izateaz gain –‘Loreak’, ‘Intimidad’, ‘Alardea’ batzuk aipatzearren–, oso ezaguna eta garrantzitsua da euskararekiko eta euskal kulturarekiko Itziar Ituñok duen atxikimendua. Hori dela eta ez da harritzekoa 2022an, Argentinara egindako lehenengo bidaian, euskal etxeekin harremanetan jarri izana, jendea ezagutu eta euskara ikasleekin eta dantzariekin momentu batzuk partekatzeko. Izan ere, ‘Pensamiento Lateral’en grabaketek utzi zizkieten tartetxo libreetan ‘Ilargi guztiak’ pelikularen proiekzioan egon zen Buenos Aires Euskaltzaleak-en eta Rosarion, Zazpirak Bat Euskal Etxeko dantzariekin bildu zen arratsalde batean.

Bidaia honetan, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxera gerturatuko da aktore eta kantari bizkaitarra ‘Lurraldetik antzeztea’ hitzaldia eskaintzera. Hitzaldian bere lanbideaz, nortasun kulturalaz eta memoriaz hitz egingo du. Ekintza irekia izango da, azaroaren 8an, arratsaldeko 7etan, Euskal Etxearen egoitzan, Moreno kaleko 3440 zenbakian.

Argentinan dagoen bitartean, zine aretoetan 2026aren hasieran estreinatuko den ‘Pensamiento Lateral’ pelikula zabaltzen jarraituko du eta agian beste euskal etxeren bat bisitatuko du.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia