Bordele, Frantzia. Joan den ostiralean, azaroaren 7an, inauguratu du Clara Lang artista euskal alemaniarrak bere pintura lanen erakusketa Bordaleko Euskal Etxean. Margolanak estilo ezberdinetakoak dira, euskal gaiak ardatz dituztela, tartean Euskad’ink izenpean tinta txinatarrez egindako irudi multzo bat, olioz margotutako Irungo padura eta familiaren erretratuak, eta akuarelazko euskal mitologiari buruzko irudiak, hala nola Sorgina, Basajauna, Hartzaren Eguna… Inaugurazioak jende ugari bildu zuen, tartean Euskal Etxeko kide eta lagunak baina baita hiriko artezaleak ere, gehienak loturaren batekin Euskal Herriarekin.
Solasean EuskalKultura.eus-ekin, artista gazteak euskal kulturarekiko atxikimendua amaren aldeko amonarengadik datorkiola adierazi digu: “Aita alemaniarra dut eta ama Euskal Herrikoa. Hendaian hazitakoa naiz, birraitona-amonen baserri zaharrean, eta gure amonari esker ezagutu nuen gure kultura. 18 urte nituela Bordelera etorri nintzen ikastera baina Euskal Herriko tradizioekin dudan kontaktua bizi-bizirik mantentzen dut”, aitortu du.

Bordaleko Euskal Etxeko hormetan eskegita ikusi daitezkeen lanetako batzuk
.png)
Clara Lang-en 'Euskad-ink' izeneko multzoko lan batzuk
"Duela gutxi jarri nintzen kontaktuan Bordaleko Euskal Etxearekin Euskad’ink delako nire lana aurkezteko eta bertan erakusketa bat zabaltzea proposatu zidaten. Ilusio handiz hartu nuen, aukera ederra baita niretzat, distantzia guztien gainetik liluratuta bainago nire jaioterriarekin”, jakinarazi digu artistak.
Clara Langen erakustaldia abenduaren 7ra arte egongo da ikusgai Bordaleko Euskal Etxean, sarrera libre eta doan.
- Clara Lang Instagramen, clara_lang.illustrations
- Bordaleko Euskal Etxea Instagramen, maisonbasquedebordeaux

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



